AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/01 16:14

Ertzaintzak aurreko ostegun gauean atxilotu zuen Gabi Daraspe Mugimendu Sozialistako kidea Itziarren (Gipuzkoa), eta Martutenen (Gipuzkoa) kartzelaratu zuen 2018an ezarritako zigor bat betearazteko. Garaian, ikasle greba bateko gertakariak zirela-eta jarri zioten zigorra.

Darasperen defentsak, dena den, eskaera bat egin zuen, 2018tik etenda zegoen sententzia berriz ere eten zezaten. Eskaera onartu dute eta gaur utzi dute aske gaztea, baldintzapean; arratsaldean atera da Martutenetik. Duela lau urte ezarri zioten sei hilabeteko zigorrak, baina, bere horretan jarraitzen du.

Gainera, zabalik daude oraindik urruñarraren aurkako beste bi auzi; bere jardun politikoarekin lotutakoak dira biak. Prozedura judizialetako batean bi urteko kartzela-zigorra eskatzen dute beretzat, eta beste bost kide ere badaude auzipetuta.

Leioako campusean (Bizkaia) 2016an izan zen mobilizazio batean atxilotu zituzten sei gazteak, Ertzaintza ikasleen aurka gogor oldartu ostean. Paradoxikoki, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) lan politikoa egiten ari ziren ikasleak jasaten ari ziren askotariko eraso errepresiboak salatzeko jo zuten protestara 2016ko apiril hartan.

Mobilizazioa ostiralean

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak mobilizazio deialdi bat egin zuen aurreko igandean: manifestazio batera deitu zuen ostiral honetarako, ekainaren 3rako, Gabi askatu. Amnistia osoa lelopean. Deialdia mantendu dute Kontseilu Sozialistako kideek, eta beraz, ostiral arratsaldean Baionara (Lapurdi) bertaratzera deitu dute, Darasperen absoluzioa exijitzeko eta amnistia osoa aldarrikatzeko. 19:00etan abiatuko da manifestazioa Baionako San Andres plazatik.

EZ DAGO IRUZKINIK