Joan den ostiralean, maiatzaren 28an, emakume bati eraso zion haren bikotekide ohiak Baionan (Lapurdi). 35 urteko gizonezkoak etxebizitza batean kolpatu zuen 26 urteko emakumea, eta gero, bera itotzen saiatu zen, eztarria estututa.
Zenbait hedabideren arabera, oihuak entzun eta etxebizitzara sartu ziren inguruko hainbat bizilagun. Ihes egin zuen orduan erasotzaileak, eta larrialdi-zerbitzuetara hots egin zuten bertaratutakoek. Zaurituta ospitaleratu zuten emakumea Baionan; ebakuntza bat egin behar izan zioten belaunean.
Gizonezkoa Tarnosen (Landak, Okzitania) atxilotu zuten hurrengo egunean, larunbatean. Aurretik ere bost aldiz leporatu dizkio tratu txarrak bikotekide ohiak, baina ez du salaketarik jarri orain arte.