AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/11 08:05

Ipar Euskal Herriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak protesta-ekintza bat egin zuen atzo Baionan (Lapurdi), salatzeko festa handietan izaten den indarkeria matxistaren erantzule dela bertako Herriko Etxea. Hain zuzen ere, Xingar Feriako sari-banaketa bat eten zuten Itaiako hainbat kidek, indarkeria matxistaren aurkako pankarta bat eta kartelak eskuetan, Herriko Etxea seinalatzeko. "Ekintza honen helburua ez da laborarien kontra joatea, baizik eta Baionako Herriko Etxeak antolatzen dituen makrobestak, hala nola Baionako bestak edo Xingar Feria, zeinetan eraso sexista edo sexualak gertatzen diren", argitu zuen antolakundeko kide batek megafonotik hitza hartzean.

Itaiak azaldu duenez, Herriko Etxeak antolatzen dituen jaietan gertatzen diren eraso matxisten aurrean erantzukizun osoa du eta ez du "makrobesta eredua dudan ematen"; are gehiago, "etekin ekonomikoa ateratzen du egunerokoan emazteek pairatzen dugun indarkeria matxistari biderkatzeko bidea irekiz". Hala salatu zuen antolakundeko kide batek atzoko protestan: "Urtero, Baionako Herriko Etxeak sakelak diruz betetzen ditu makrobesta eredu horri esker, pertsona zaurgarrienak kaltetuz. Emazteek egunero indarkeria matxista jasaten dute, eta besta eredu honetan, are gehiago".

Gaineratu zuen, "Herriko Etxea instituzio kapitalista bat den heinean, indarkeria matxistaren arazoaren barne" dela, eta, hortaz, ezin dela "aterabidearen" parte izan. Itaiak, hain justu, indarkeria matxistaren aurka "kolektiboki eta manera independentean antolatzeko" deia egin du; "karrikak hartuz eta emazte langileen antolakuntza bultzatuz".

Indarkeria matxistari aurre egiteko borroka Baionako festetan

Aurreko urtean, Baionako jaiei begira, indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo bat izan zuen martxan bertako Itaiak. Uztailaren 10etik 14ra bitartean izan ziren festak, eta gutxienez 11 eraso matxistaren berri eduki zuten, "bortxaketa zantzuak, eraso fisikoak edo ahozko erasoak" tartean. Eraso horiek salatzeko protesta bat egin zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK