AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/12 10:03

Uztailaren 10ean hasiko dira Baionako (Lapurdi) festak, eta, aurten ere, indarkeria matxistaren kontrako protokolo bat izango du indarrean Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Baionako Itaiak badu martxan Indarkeria Matxistaren Kontrako Asanblada bat, eta hark prestatu du eraso matxisten aurkako protokoloa. Zehaztu duenez, "instituzio kapitalistetatik independenteki antolatutako tresna eraginkor eta kolektiboak" antolatu ditu, bigarren urtez jarraian.

"Indarkeria sistemikoen aitzinean kolektiboki antolatzeko deia" egin du Itaiak, eta jakinarazi du Babesgune bat edukiko duela jaietan zehar, eraso matxistaren bat jasan edo ikusi duten pertsonek hara jotzeko aukera izan dezaten. Pannecau karrikan egongo da Babesgunea, egunero, 21:00etatik 04:00etara. Telefono zenbaki bat ere izango dute erabilgarri protokoloan parte hartuko duten kideek: 06 28 63 77 86.

Gainera, indarkeria matxistari aurre egiteari buruzko formakuntza bat eskainiko du Itaiak, Babesgunean parte hartuko duten pertsonei bideratuta, baina Baionako ostatuetako eta peñetako kideentzat irekita egongo dena. Formakuntza jaso nahi dutenak harremanetan jar daitezke Itaiako kideekin, sare sozialen bidez edo iparraldekoitaia@gmail.com helbidera idatzita.

Hainbat helburu

Itaiak azaldu duenez, Indarkeria Matxistaren Kontrako Asanbladak borroka egiten du "emazte langileok antolatzeko", "harreman osasuntsuak" izateko, "karrikan seguru izateko" eta "kultura matxista desnormalizatzeko", besteak beste. Baionako festei begira, hainbat helburu markatu dituzte: "erasotuei harrera egitea eta beharren arabera bideratzea", "ostatuetako arduradunak eta peñetako kideak antolakuntza kolektibo honetan parte hartzera deitzea", indarkeria matxista "ahal bezainbat kontabilizatzea", eta bortxaketei "erantzun kolektibo eta politiko bat ematea", protesten bidez esaterako.

Bost bortxaketa iaz

Itaiak azpimarra egin die "gure jendartea egituratzen duten zapalkuntza-mekanismoei", eta gaineratu du indarkeria hori "emendatu" egiten dela Baionako festetan. "Urtero giro bortitza" izaten dela dio, eta horren erakusle direla iaz hamaika emakumek jasan behar izan zituzten ukitzeak eta salatu ziren bost bortxaketak. Horretaz gain, hilketa bat ere izan zen 2023ko jaietan.

"Indarkeriaren iturria identifikatzeko, jendarte kapitalista batean bizi garela onartzea beharrezkoa da", seinalatu du. Ohartarazi du, bestalde, jendarte horrek "hainbat tresna eta egitura" dituela bere esku, "langile-klasea itotzen duen bortizkeria elikatzeko eta egonkortzeko".

Tresna horietako bat litzateke adibidez "emazteenganako zapalkuntza elikatuz langile-klasea zatitzea"; "emazte langileen gain-esplotazioa ahalbidetzeko", euren "menpekotasuna betikotzeko" eta "bortizkeria legitimatzeko". "Hedabideen, sare sozialen, kulturaren edo modaren industriaren gisako egiturak" ere izango lirateke tresna horietako batzuk, lagundu egiten baitute "hertsatzen gaituen indarkeria elikatzen eta egonkortzen", Itaiak gaitzetsi duenez.

Baionako Herriko Etxearen aurpegi zuriketa

Emakumeon Antolakunde Sozialistaren esanetan, "indarkeriaren iturria identifikatzeak" berekin dakar "jendartea egituratzen duten instituzioen neutraltasuna ukatzea". Zentzu horretan, salatu du herriko etxeak ere, esate baterako, "sistema kapitalistaren instituzioak" direla: "Ekonomia kapitalistarekiko dependente eta haren bermatzaile dira, [...] ez dute nehungo interesik emazteen zapalkuntza deuseztatzeko".

Baionako Herriko Etxeari dagokionez, Itaiako kideek uste dute ez duela "indarkeria sexista eta sexualei aurre egiteko borondate errealik erakusten Baionako bestetan": "Bere aurpegia zuritzeko helburuarekin, itxurazko ekintza batzuk aitzinera eramaten ditu, betiere plantan den sistema kapitalista zalantzan ezarri gabe eta hura indartuz".

Gogorarazi dute, adibide modura, "komunikazio-kanpainak" izaten dituela martxan Baionako Herriko Etxeak, emakumeei etxera bakarrik itzul ez daitezen aholkatzeko. Modu horretan, aditzera ematen du "emazteen zirkulazio askatasuna" dela "bortxaketen eta erasoen arrisku-faktore nagusia".

EZ DAGO IRUZKINIK