AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/15 09:11

Uztailaren 10etik 14ra bitartean izan dira aurtengo Baionako (Lapurdi) bestak, eta, oraingoan ere, indarkeria matxistak erabat markatu du jaia. Ipar Euskal Herriko Itaiak jakinarazi duenez, 11 eraso matxistaren berri eman dute aurten. Tartean dira "bortxaketa zantzuak, eraso fisikoak edo ahozko erasoak".

Horretaz gain, sare sozialetan "masiboki zabaldu" den bideo bat ere aipatu du: "Juridikoki bortxaketa gisa kalifikatua izan ez den arren, onespenaren mugak hautsi eta emaztearen objektualizazio argi bat erakusten du".

Itaiako kideek, beraz, "bilan iluna" egin dute bestetan martxan izan duten Babesgunetik. Aurten ere indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat antolatu dute, Babesgune bat eta eraso matxisten kontrako telefono zenbaki bat barne.

Besten ostean egindako adierazpenetan, Itaiak gogorarazi du "indarkeria matxistari aurre egiteko eta bortizkeriarik gabeko besta- eta jendarte-eredu bat berrasmatzeko" beharrezkoa dela "jatorrian diren dominazio-mekanismoak identifikatzea eta horiei aurre egitea". "Dominazioari errotik aurre egiteari uko egiteak" berekin dakar "erasotzaileengandik babesteko ardura indibiduala pertsona zapalduengan uztea", Itaiaren esanetan.

Herriko Etxeak, borondaterik eta interesik ez

Bestalde, ohartarazi du "jendartea egituratzen duten instituzioak" ez direla "neutroak", eta horren adibidetzat jo du Baionako Herriko Etxea: "Klase-gizartearen menpe eta haren bermatzaile dira, beraz, ez dute nehungo interesik emazteen zapalkuntzarekin bukatzeko". Horregatik seinalatu dute Itaiako kideek Herriko Etxeak ez duela "indarkeria matxistari aurre egiteko borondate errealik erakusten Baionako bestetan, ez eta makrobesten eredua zalantzan ematen ere".

Are gehiago: seinalatu dute Herriko Etxeak "erasotzaileen inpunitatea indartzen" duela eta "eraso matxistak banalizatzen" dituela. Horren islatzat jo dute, hain zuzen ere, bestetako irekiera-ekitaldian Patrick Bruelek parte hartu izana; artistak zenbait eraso matxista egin dituela atera da argitara azken urteetan.

EZ DAGO IRUZKINIK