Uztailaren 9tik 13ra bitartean izan dira bestak Baionan (Lapurdi), eta, jaien amaieran, bertako "bortizkeria matxista eta ideia erreakzionarioen gorakada" salatu ditu Ipar Euskal Herriko Itaiak. Protesta bat egin zuen atzo eguerdian, Baionako Herriko Etxearen aurrean, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean.
"Indarkeria matxista biderkatzeko testuinguru aproposa sortzen dute bestek, eta zer erranik ez Baionako besten kasuko makrobestekin", seinalatu zuen kontzentrazioan Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Aurten ere, iaz egin bezala, eraso matxisten aurkako protokolo bat izan du martxan jaietan zehar, eta lau erasoren berri izan du horren bidez. "Kontziente gira zenbaki hori minimoa dela eta ez duela inola ere desmasia errealki islatzen", ohartarazi du, dena den.
Horri lotuta, Maina espazioak jasandako erasoa salatu dute Itaiako kideek. Izan ere, sexu-indarkeriaren aurkako prebentzio-lanetan aritzen dira bertako boluntarioak, eta bestetan jarritako postuari eraso zioten hainbat pertsonak ostiral gauean, kalteak eraginez.
Monopolizatzeko saiakera
Ipar Euskal Herriko Itaiak gogorarazi duenez, aurten izan da Herriko Etxeak eta 2032 kolektiboak indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat martxan izan duten lehen aldia. "Jada salatu ditugu protokolo horren hutsuneak, besteak beste, Polizia den entitate zapaltzaile eta erasotzailearekin lanean egina dela, edo lasaitasun sozial bat lortzeko gisan
martxan jarria izan dela", azaldu zuen berriz atzokoan.
Eta are gehiago: bestak bukatu dira, eta Itaiak gaitzetsi duenez, Herriko Etxeak oraindik ez du eman azken egunetan izandako eraso matxistei buruzko inolako informaziorik. "Protokoloa zenbakiak monopolizatzeko eta kontrolatzeko bidea da, errelato ofiziala leunduz eta bestak untsa pasatzen direla sinetsaraziz", dio.
Oldarraldi erreakzionarioari aurre
"Indarkeria matxistaren kontrako borroka zein faxismoaren kontrakoa, ezin dira instituzio kapitalisten baitan aitzinera eraman, ordena eta errealitate kapitalista betikotzeko tresnak direlako", defendatu zuten atzo Itaiako kideek: "Bizi dugun oldarraldi erreakzionario garaian, ezinbestekoa da estrategia iraultzailea eta kapitalismoaren suntsitzea ortzimugan izanen dituen proiektu bat berriz mahaigaineratzea, zapalkuntza eta klase gabeko gizarte batera bidean".