AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/13 09:46

Herenegun Nathalie Flores hil zuen polizia-agentea libre da atzo arratsaldetik, kargurik gabe. Jerome Bourrier Baionako (Lapurdi) prokuradorearen esanetan,  "molde proportzionatuan eta zilegitasunez" erabili zuen arma poliziak, eta argudiatu du "haren lankidea babesteko ezinbesteko neurria" izan zela 37 urteko auto gidariari tiro egitea. "Oraingoz" amaitutzat eman dute ikerketa, nahiz eta datozen egunetan instrukzio epaile baten esku gera daitekeen kasua.

Bi ikerketa abiarazi zituzten hilketaren ondoren: lehena, "Polizia-zerbitzuei ez obeditzeagatik, eta polizia-indarren kontrako hilketa saiakeragatik", hildako emakumearen aurka; eta bestea, "autoritate publikoa duen norbaitek egindako hilketagatik", emakumea erail zuen polizia-agentearen aurka.

"Inpunitate osoz"

Polizia bortizkeria gelditu lelopean, mobilizaziora jo zuten dozenaka lagunek herenegun, Baionako polizia-etxearen aurrera. Besteak beste, "Polizia hiltzailea", "Mundu guztiak gorroto du Polizia" eta "Alde hemendik" gisako oihuak egin zituzten, eta adierazi zuten "Poliziak bortizkeria sistematikoki eta inpunitate osoz erabiltzen" duela. Atzo, Baionako Etxepare insititutuko ikasleek ere egin zuten elkarretaratze bat.

EZ DAGO IRUZKINIK