AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/25 08:55

Herri Norte taldeko hainbat kide jazarri ditu berriki Ertzaintzak. Aurreko ostiralean atxilotu zituzten bost pertsona polizia-indarrek, hainbat komunikabideren arabera, otsailaren 29an Bilbon izan ziren gertakari batzuei lotuta (Athletic eta Atletico Madrilen partidaren aurretik). Egun horretan, faxista bati aurre egin zioten hainbat zalek Bilboko (Bizkaia) taberna batean.

Atzo, adierazpen bat argitaratu zuen Herri Nortek, ostiraleko atxiloketen harira. Azaldu duenez, ostiralean atxilotutako kideek "kaputxadun agenteen bisita jaso dute" euren etxeetan, eta telefono bidez ere jazarri dituzte: "telefono pertsonaletara eta lantokietara" egin dizkiete deiak poliziek, eta mezuak bidali dizkiete Whatsapp bidez.

Herri Nortek salatu du pertsona horiek "eraso bat jasan" dutela "estatu burges eta kapitalistaren partetik", eta ez dela aurreneko aldia: "zaletu zurigorrion sektore jakin batek aspalditik pairatzen duen errepresio-zerrenda luzearen" parte da azken kasua, ohartarazi duenez.

Dena den, Herri Nortek jakinarazi du bere ideiak eta balioak are gehiago berrestera eraman duela azken jazarpen kasuak: "Amaieraraino joango gara gure balioekin, kosta ahala kosta". "Badakigu askok zer nolako irrika duten gu lurperatzeko, baina ez dugu atzerapausorik emango", gaineratu du.

EZ DAGO IRUZKINIK