AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Erraki
2019/06/27 12:22

Erresistentzia Kutxa Nazionala aurkeztu berri du Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sareak, GEDAR LANGILE KAZETAri helarazitako ohar baten bidez. Martxan jarritako kanpaina ekonomikoak "elkartasunerako eta elkar babeserako" tresna zehatza izatea du xede; izan ere, gaztetxeen loraldia hedatzen ari den honetan, azaldu dute birjabetutako espazioek "erresistentzia fase" bati egin behar izaten diotela aurre sarri. Hala, fase hori nolabait arintzea da Errakiren helburua, erresistentzia antolatzetik harago, lan politikoa egiteko aukera izan dezaten.

"Askotarikoak izaten dira espazio baten birjabetzearen ostean izaten diren gastuak", azaldu du Errakik. "Eraikinaren egokitzapenak, erresistentzia kanpainak, isunak, abokatuak eta abar ordaindu behar izateak, gune birjabetuek izaten duten gaitasun ekonomikoa gainditzen du sarri. Ondorioz, euren jardun politikoa erresistentzia ekonomikora bideratu eta mugatu behar izaten dute", diote Errakiko kideek.

Erantzuna, kutxa

Erresistentzia Kutxa Nazionala, beraz, gune autogestionatuen aurkako oldarralditik babesteko tresna izango da. Gernikako (Bizkaia) Bloke Naranjaren kasua aipatu dute gutunean; izan ere, bertako kideei ezarriko dieten isuna 40.000 eurokoa izan daitekeela ohartarazi dute. Horren aurrean, "presio ekonomikoak eragiten duen egoera itogarriari erantzun sendo eta eraginkorra" eman ahal izatea lortu nahi du babes sareak, kutxaren bidez.

Bestalde, azpimarratu dute "diziplinan eta konpromisoan oinarritutako kultura politikoan sustraitzen diren babes forma eraginkorrak" jarri nahi dituztela martxan, orokorrean. Horretarako, Erresistentzia Kutxa Nazionala "pauso bat gehiago" izatea espero dute.

Erresistentzia Kutxa Nazionalaren aurkezpena, hemen