AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Anadolu Ajansi
2024/07/08 12:55

Gazako Zerrendan, gutxienez 38.000 dira sionistek urriaren 7tik hona eraildako palestinarrak, eta erabateko sarraskiaren jarraitzen dute. Sionisten erasoaldia, baina, ez da Gazara mugatzen: maiatzean, 500 ziren ordura arte Zisjordanian hildako palestinarrak (bai eraso militarretan, bai kolonoen erasoetan) eta ia 5.000 zaurituak.

2022 osoan Zisjordanian eraildako palestinar kopuruaren hirukoitza da hori, 154 izan baitziren orduan, Nazio Batuen Erakundearen arabera. Urriaren 7a baino lehen, 199 ziren 2023an zehar Zisjordanian hildako palestinarrak.

Gainera, urriaren 7tik maiatzaren 16ra bitartean, ia 4.000 palestinar bota zituzten euren etxeetatik Zisjordanian, eta 648 eraikin edo egitura suntsitu zituzten.

Zisjordaniako lurrak masiboki desjabetzeko pausoak

Ugariak izan dira azken hilabeteetan gobernu eta agintari sionistek egindako urratsak eta adierazpenak, Zisjordanian lurrak okupatzen jarraitzeko. Ekainaren amaieran bertan, esaterako, hala zioen Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek: "Zisjordanian subiranotasuna ezarriko dugu, gaur lurraren gain eta geroago legediaren bidez; ez ditut nire asmoak ezkutatzen. Nire posizioa erabiliko dut politika hori sustatzeko".

Gazako Zerrendako oldarraldiaz probestuta, sionistak legez kontrako kokaleku gehiago eraikitzen ari dira Zisjordanian, baina baita legezko pausoak ematen ere, lur palestinar gehiago lapurtzeko. 2005etik debekatuta zeuden eremu batzuetan egonlekuak eraikitzeko neurriak hartu ditu Israelgo Estatu genozidak, eta gobernu sionistak estatuaren eremu gisa izendatu ditu Zisjordaniako hektarea ugari.

Azken neurriak

Ekainaren amaieran bertan esan zuten Israelgo "segurtasun-kabineteak" Palestinako Agintaritzaren kontrako hainbat neurri berri onartu dituela: legez kontrako bost kokaleku aurreratu legeztatzea (Evyatar, Sde Efraim, Givat Asaf, Heletz eta Adorayim), kolonoentzako 6.000 etxebizitza gehiago eraikitzea eta B eremua deiturikoan kolonia gehiago eraikitzea, besteak beste.

Horretaz gain, azken hiru hamarkadetan Zisjordanian egindako desjabetzerik handiena prestatzen ari dira sionistak. Gobernuak bide egin dio lapurreta masibo berri bati, oraintsu erabaki eta onetsi baitu Jordango bailaran 12,7 km2 lur okupatzea. Horrekin, 23,7 km2 lur izango lirateke aurten Zisjordanian hartutakoak.

EZ DAGO IRUZKINIK