Zisjordanian ere oldarraldia areagotzen ari dira sionistak. Iturri palestinar ugarik esan dute azken orduetakoa dela azken bi hamarkadetan ikusi duten erasorik bortitzena: seinalatu dute ez dutela sionisten halako erasoaldirik ikusi Bigarren Intifadatik (2000-2005).
Asteazken honetan, Zisjordaniako hainbat eremutara indarrez sartu dira militar sionistak; hala nola, Jenin, Tubas, Nablus eta Tulkarem hirietara, baita horietatik gertu dauden zenbait errefuxiatu-kanpalekutara ere. Hainbat operazio egin dituzte horietan, lurrez nahiz airez, Palestinako erresistentzia zapaltzen jarraitzeko asmoz.
Besteak beste, Jeningo eta Tulkaremeko ospitale nagusiak izan dituzte jopuntuan, eta itxi egin dituzte, adibidez, Ibn Sina eta Khalil Suleiman erietxeetarako sarbideak. Sarekadak ere egin dituzte hainbat tokitan sionistek, palestinarrak jazartzeko kontrol-puntu ugari ezartzeaz gain.
Zisjordaniako azken operazio horietan, badirudi gutxienez 11 palestinar erail eta 22 zauritu dituztela estatu sionistaren indarrek. Nur Shamseko kanpalekuan, gainera, ur-hodi bat kaltetu dute. Aurrez, joan den astelehenean bertan, kanpaleku hori bonbardatu zuten sionistek: gutxienez bost palestinar erail zituzten. Itxura denez, tartean da palestinar erresistentziako Yibril Yibril.
Revolutionary Educational Documentaries (RED) atariak gogorarazi duenez, Zisjordaniako errefuxiatu-kanpalekuak erresistentzia-gune izan dira denbora luzez, eta etenik gabe jasan dituzte sionisten erasoak. Azken oldarraldiari ere tinko erantzun diote miliziano palestinarrek, eta "liskar-puntu" ugari sortu dira, hainbat iturriren arabera.
Erailketa eta lapurreta masiboak Zisjordanian ere
Palestinako Estatistika Bulego Nagusiaren arabera, Zisjordanian 3,2 milioi pertsona inguru bizi dira; gehienak, palestinarrak. Bertako errefuxiatu-kanpalekuetan daude dozenaka milaka palestinar, sionistek euren lurretatik kanporatu baitzituzten.
Azken hilabeteetan nazioarteko begi gehienek Gazako Zerrendari erreparatu dioten arren, Zisjordaniako lurretan ere okupazioa eta erasoak gogortu dituzte sionistek. Joan den maiatzean, 500 ziren urritik Zisjordanian eraildako palestinarrak (bai eraso militarretan, bai kolonoen erasoetan) eta ia 5.000 zaurituak.
Urriaren 7tik maiatzaren 16ra bitartean, gainera, sionistek ia 4.000 palestinar bota zituzten euren etxeetatik Zisjordanian, eta 648 eraikin edo egitura suntsitu zituzten. Asko izan dira azken hilabeteetan gobernu eta agintari sionistek egindako urratsak eta adierazpenak, Zisjordanian lurrak okupatzen jarraitzeko: ohartarazi dutenez, azken hiru hamarkadetako desjabetzerik handiena egingo dute bertan.