Espainiako Lan eta Ekonomia Sozial Ministerioak emandako datuak abiapuntutzat hartuta, Confebask patronalak atzo argitaratu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehun industrialari buruzko azterketa bat, eta indarra galtzen jarraitzen duela berretsi zuen. El Correo-k jasotako datuen arabera, urte honetako lehen seihilekoan, industriako 57.117 enpresa zeuden erregistraturik, duela urtebete baino 742 gutxiago. Gainera, aurtengo ekainean izandako jaitsiera nabarmentzen da: 765 konpainia gutxiago zenbatu dituzte maiatzaren bukaeratik ekainaren bukaerara bitartean. Enpresen beherakada, gainera, ez da gertakari "puntual" gisa atzematen, "fenomeno zikliko" gisa baizik.
2014ko urtarriletik hona, industriako enpresen %10,9 galdu dira EAEn. Baina atzerago ere joan daiteke beheranzko joera sumatzeko. 2008ko krisiaren aurretik 64.635 enpresa zeuden erregistraturik, eta 2014an 57.298 ziren. Horren ondoren zertxobait apaldu zen jaitsiera, baina 2020an COVID-19aren pandemia hasi zenean, berriz larriagotu zen egoera, eta ez dute irauli. Hala, pandemiak leher egin aurretik baino 1.776 enpresa gutxiago daude gaur egun autonomia-erkidegoan, erregistroen arabera.
Dena den, azterketak erakusten duenez, enpresen kopuruak behera egin arren, zentralizatzeko joera bat ondorioztatu liteke: tamainaz handiagoak dira martxan dauden konpainia horiek, eta langile gehiago dituztela ematen du, gora egin baitu sektoreko beharginen kopuruak. Hain justu, 167.123 behargin zeuden industrian alta emanda 2014ko urtarrilean, eta 175.784 dira gaur egun.
Industriako konpainien kontrako noranzkoan, EAEn, azken hamarkadan %10,7 igo da eraikuntzako enpresen kopurua, eta %0,3 zerbitzuei lotutako enpresena. Hala ere, guztizkoari erreparatuz gero, %11,4 egin du behera konpainien kopuruak 2007tik hona. Espainiako Estatu mailan, %4,8koa izan da epe bereko jaitsiera hori.
Aipatutako azterketetan hainbat faktore nabarmentzen dituzte ikerlariek, EAEko beherakada arrazoitzeko. Esaterako, belaunaldiarteko erreleboa eta "talentu" erreleboa azpimarratzen dituzte, baita Alemaniako edo Frantziako krisiak (esportazioetarako eremu garrantzitsuak izanik) eta AEBek muga-zergen inguruan sortutako ziurgabetasun-egoera ere.