AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
@Indautxutik
2021/01/18 17:09

Irmoa da Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren ebazpena: Iñigo Cabacasen erailketa zela-eta epaitutako sei ertzainetatik bakarra zigortuko dute. Hain zuzen, 2018an jakinarazi zutenez, dagoeneko erretiroa hartuta zuen ofizial bati bi urteko kartzela zigorra ezarri zion auzitegiak, bai eta lau urteko gaitasungabetzea ere. "Zuhurtziagabekeria omisibo larria" leporatu zion. Auzipetutako gainontzeko bost polizia-agenteak, ordea, absolbitu egin zituen.

Ebazpen horren aurkako helegitea aurkeztu zuten Cabacasen senideek, eta eskatu zuten epaitutako ertzain guztiak zigortzea. Espainiako Auzitegi Gorenak abenduan aztertu zituen helegiteak eta, gaur aditzera eman dutenez, guztiak errefusatu ditu. Hala, berretsi egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaia.

Hildakoaren senideek egindako eskaerari dagokionez, Gorenak dio ezin izan zutela tiroa nork egin zuen identifikatu, eta horregatik baztertu du haien helegitea. Bestalde, baina, adierazi du eskasa izan zela erailketaren harira martxan izan zen ikerketa, aurretik Bizkaiko Lurralde Auzitegiak onartu modura.

Bere garaian, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak gaitzetsi zuen ertzainek armak jaso izana tiroketaren ostean, nork erabili zituen identifikatu gabe eta "zauritutako pertsona bat zegoela jakinda ere". Armak "berehala garbitu" zituztela ere seinalatu zuen auzitegiak. Hala eta guztiz ere, epaitutako sei ertzainetatik (ofiziala, bi furgonetetako azpiofizialak eta beste hiru agente), ofiziala besterik ez zuen absolbitu gabe utzi.