Europako eskubide sozial eta, oro har, askatasun zibilen atzerakada nabarmen handitu da azken urteetan. CIVICUS Monitorearen azken txostenek azpimarratzen dutenez, Europan eta Asia Erdialdeko eskualdean, herrialdeen %33k baino ez dute "irekia" den gizarte bat mantentzen.
Behatokiak bere "rankinga" bost kategoriaren arabera sailkatzen du hainbat adierazle kontuan hartuta, esaterako prentsa-askatasuna, Poliziaren esku-hartze metodologiak, legeak eta abar; eta kategoria horiek (balizko gizarte askeenetik autoritarioenera ordenatuta) "irekia", "murriztua", "buxatua", "erreprimitua" eta "itxia" dira. Hala, azken urtean bakarrik, Europan sei herrialdek egin dute atzera eskala horretan: Frantziak, Alemaniak, Italiak, Suitzak, Serbiak eta Georgiak. Gainera, esanguratsua da mundu mailan askatasun zibilen atzerakada nabarmenenak jasan dituztenen artean, eskuin muturreko gobernu entzutetsuenetako batzuk agertzea, haien artean Amerikako Estatu Batuak, Israelgo Estatua, El Salvador edo Argentina.
Protestak itotzea eta kolektiboak legez kanpo uztea Frantziako Estatuan
Europari dagokionez, Alemaniako, Frantziako eta Italiako kasuak kontrol-mekanismoen ezarpenaren adibide argiak dira. Herrialdeka plazaratutako analisiei erreparatuz, hain zuzen ere, hainbat ondorio mahaigaineratzen ditu aipatutako erakundeak.
Frantziako Estatuan ("askatasun murriztua" edukitzetik "buxatu" izatera pasatu dena), batik bat protesta baketsuen errepresioaren gorakadan, disidentzia politikoa deuseztatzeko mekanismoetan eta adierazpen-askatasunaren zapalkuntzan islatzen da askatasunen atzerakada. Adibideen artean daude iazko iraileko mobilizazioetan 800 pertsonatik gora atxilotu izana, urtebetean kazetarien aurkako 60 eraso baino gehiago erregistratu izana, biolentzia polizialerako mekanismo berriak ezarri izana, edo zenbait kolektibo eta Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) legez kanpo utzi izana.
Palestinaren aldeko eta faxismoaren aurkako mobilizazioa, zapaldua Alemanian
Alemaniaren kasuan, bereziki nabarmena da atzerapausoa, hiru urtean bi kategoriako jaitsiera izan baitu ("irekia" izatetik "buxatua" izatera). CIVICUSen arrazoiketaren arabera, azken urtean, Palestinarekiko elkartasuna adierazi dutenekiko eta eskuin muturraren aurka mobilizatu direnekiko errepresio neurrigabea dela-eta egin du atzera Alemaniak, batez ere.
Berlinen soilik, 9.000 kargu penal erregistratu dituzte Palestinaren aldeko ekintzak direla-eta. Arabiera debekatu dute manifestazioetan; hainbat kolektiboren eta GKEren aurkako ikerketak abiatu dituzte "neutraltasun politiko falta" argudiatuta; eta mobilizazioetan mozalik gabeko txakurrak baliatu dituzte poliziek, manifestari antifaxisten aurka esaterako. Horiek dira txostenean emandako adibideetako batzuk.
Italia aurreko bien maila berean kokatzen du ikerketak, eta, besteak beste, "antighandi" bezala ezagutzen den legedia berriaren eraginez jaitsi dute kategoriaz. Lege horrek zuzenean kriminalizatzen du "erresistentzia pasiboa", eta zigorrak nabarmen gogortzen ditu: trafikoa blokeatzeak bi urteko kartzela-zigorra ekar dezake, eta 20 urterainoko zigorra, berriz, azpiegituren kontrako protestetan erresistentzia egiteak.
Aktibista klimatikoen eta itsas-salbamendurako taldeen kriminalizazioaz gain, ikerketak salatzen du kazetarien eta ikertzaileen aurkako espioitza identifikatu duela. Graphite software militarra erabiltzen dute espioitza-lan horietarako, bereziki, eskuin muturrari aurka egin diotenen kontra.
Biraketa autoritarioa mundu mailan
Oro har, mundu mailan, askatasunen murrizketa modu jarraituan doa okerrera. "Itxi" bezala kalifikatutako gizarteetan bizi diren pertsonen kopurua %26tik %30,6ra igaro da 2018tik 2024ra bitartean. Sei urtean izan den ia bost puntu portzentualeko igoerak autoritarismorako joera argia erakusten du, bereziki "herrialde garatu" deritzenetan.
Ateratako ondorioen artean, CIVICUSek aipatzen du herrialde horietan kontrola ez dela beti indarkeria zuzenaren bidez gauzatzen, "beldurraren burokrazia" baten bidez baizik: prozesu judizial luzatuak, isunak, etengabeko zaintza teknologikoa edo debeku politiko selektiboak dira mekanismo horietako batzuk.