AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/22 12:41

Ondarroako (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) ikasleria ere desados azaldu da bigarren hezkuntzako ikastetxeetan aspaldian bizitzen ari den "autoritarismoaren gorakadarekin".

Horrekin bat, borrokak abiarazi dituzte tokian tokiko institutuetan, IKAS plataformaren Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña! kanpainaren barruan. Eskualde horietako IAk bat egin du aldarrikapenekin, eta salaketei ahotsa eman die.

LEA-ARTIBAI

Ondarroa BHIko kasuan, ikasleak kexu dira "lanak eskolaz kanpoko orduetan entregatzeko betebeharrak ezartzen" dizkietelako. Zenbait irakasgaitan, Classroom plataforma digitalaren bidez, etxerako lanak "arratsaldean, iluntzean zein gauean" bidaltzen dizkietela ohartarazi dute. Iragarri dute datorren asterako negoziazio mahaia ireki dutela institutuko zuzendaritzarekin, afera hori konpontzeko asmoz. Bide batez, ikastetxeko ikasleriari "antolatzeko deia" luzatu diote.

DEBABARRENA

Eibar BHIn, berriz, "askatasun politikoen aldarria" zabaldu dute ikasleek. Izan ere, institutuko zuzendaritza "biltzeko eta hitzaldiak antolatzeko oztopoak jartzen" aritu dela salatu dute. Halaber, elkarrizketa mahaia osatzeko proposamena egiteaz gain, "espazio fisikoaren eskuragarritasunari" lotutako bi eskaera aurkeztu dizkiete institutuko buruei:

  1. Patio orduetan ikasleek biltzeko aukera izatea eta horretarako gela bat izatea.
  2. Egun zehatzetan, euren intereseko edukia lantzeko aukera izatea, eta horretarako baliabide materialak izatea.

JAZARPENA BURUNTZALDEAN

Hernaniko (Gipuzkoa) Ikasle Abertzaleakek salatu duenez, azkenaldian "ertzainen presentzia" izan dute institutu inguruan. Ez da ikasleek askatasun politikoen aurkako eraso polizial bat salatzen duten lehen aldia; oraingoan, ordea, "pankartak jartzen ari ziren bi kide geldiarazi eta identifikatu dituzte". Jarraian, polizia-agente gehiago bertaratu zirela azaldu dute Hernaniko IAko kideek, eta ertzainburuak "espedientea zabaltzeko mehatxua" egin ziela.