AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/30 12:03

Proletalgoaren aurkako ofentsiba gelditu eta Autodefentsa sozialista antolatu. Horiek izan dira gaur iluntzean, Kontseilu Sozialistek deituta, Euskal Herriko bost hiriburutan kaleratu dituzten bi aldarri nagusiak. Mobilizazio jendetsuak izan dira Baionan (Lapurdi), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) nahiz Iruñean (Nafarroa).

"Garai latzak datozela esaten digute, gerrikoa estutu behar dugula: elikagaiak lortzeko maximo historikoetan dauden prezioak ordaintzen ditugu, gasaren eta argiaren prezioak neurriz kanpokoak dira eta, zenbat diru utzi dugu gasolinan? Bizitza etengabe ari da garestitzen", salatu dute Ipar Euskal Herriko, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñerriko Kontseilu Sozialistek, mobilizazioen ostean irakurritako adierazpenetan. "Gerrikoa estutu behar dugula esaten digute, baina enpresen irabaziak soldatak baino zazpi aldiz gehiago hazi dira eta sektore enpresarial guztien errentagarritasuna pandemia aurreko mailan dago gutxienez", kontrajarri dute.

"Enpresarien irabaziak langile klasearen kontura handitzea helburu duen ofentsiba ekonomikotzat" jo dute bizitzaren garestitzea: "Proletalgoaren bizitzaren garestitzea burgesiaren aberastasunaren handitzea da. Sozialki neutralak diren krisitzat saltzen dizkigutenak (prezioen igoera, etxe kaleratzeak, lan kaleratzeak...) proletalgoaren kontra burgesiak aurrera daraman ofentsibaren ondorio lazgarriak baino ez dira".

Ofentsibaren erantzuleak jopuntuan

Kontseilu Sozialistek zalantzan jarri dituzte, bizitzaren garestitze-prozesuan, gobernuetatik martxan jarritako neurriak. Espainiako Gobernuari erreparatu diote, esaterako: "PSOEk eta Podemosek harro esaten digute inoiz ezagutu den ezkutu sozial handiena eraiki dutela. Eta guk galdetzen diegu, zertarako balio du ezkutu horrek? Zertarako balio du etxe kaleratzeak ahalbidetzen baditu? Zertarako burokraziak, laguntzak ukatzen badizkio behar dituen jende ugariri? Zertarako balio du, prezio igoerak finantzatuz enpresarien irabaziak defendatzen baditu?". Adibide modura aipatu dituzte desagertzear den erregaien deskontua, etxebizitzen alokairua ordaintzeko laguntzak edota hainbat produkturi ezarritako BEZaren jaitsiera Espainiako Estatuan; eta, Frantziako Estatuan, biztanleriaren %8 pobrezian bizitzea eta 2023an ezantza %7 igoko denaren aurreikuspena.

"Zorpetzetik lortzen duten diruak, zuzenean, enpresarien poltsikoetan bukatzen du. Beraz, zertarako balio du gobernuaren ezkutuak proletalgoaren aurkako ofentsiba betean? Argi dago: burgesia handiaren interesak babesteko", ondorioztatu dute Kontseilu Sozialistek. "Politikari profesionalek kolpeak leundu nahi dituzte denboran banatuz, edo behintzat leuntzen dituztenaren irudia eman", ohartarazi dute.

Gainera, politikari profesionalek "proletalgoaren biziraupenerako formak kriminalizatzen eta zigortzen" dituztela salatu dute Kontseilu Sozialistek. Horri lotuta dago, haien esanetan, Espainiako Estatuko Zigor Kodea gogortu izana edota "okupazioaren aurkako ofentsibari sostengu juridikoa ematea". "Ofentsiba antiproletarioak enpresari handiek inpunitate osoz estortsio egitea errazten du. Horrek proletalgoarentzat ondorio dramatikoak ditu", azaldu dute.

Autodefentsa sozialistari ekitea

Xehatu dute, hala ere, horren guztiaren aurrean ez dela "nahikoa pobretzea eta bizi baldintzen okertzea salatzea": "Herriz herri, auzoz auzo, kalez kale, burgesiaren inpunitatearekin amaitzeko autodefentsa eraginkorra antolatzea ezinbesteko zeregina da". Gogorarazi dute, norabide horretan, etxebizitzaren nahiz soldatapeko lanaren arloan esku hartzeko eta jarduteko ekimenak jarri dituztela martxan tokian tokiko Kontseilu Sozialistek. Zehazki, Etxebizitza Sindikatuak eta Laneko Autodefentsa Sareak sortzeko apustua egin dute hamaika eskualde eta hiriburutan.

Ezinezko aldarriak kapitalismoan

Hala ere, "autodefentsa antolatzetik haratago joatea" ere beharrezkotzat jo dute Kontseilu Sozialistek: "Etxe kaleratze asko gelditzea lortuko bagenu ere, ezingo genituzke guztiak geratu. Lan gatazka ugari irabazita ere, langileon esplotazioak hor jarraituko du. Borrokaren bidez gasolinaren prezioa mugatzea lortuko bagenu ere, bizitzak garestitzen jarraituko du. Kapitalismoa krisia da eta gero eta argiago ikusiko dugu hori".

"Basakeria kapitalistaren aurrean sozialismoak soilik berma dezake gizateria osoarentzako ongizatea", nabarmendu dute oraingoan ere. "Doako eta kalitatezko elikadura; mugikortasun zein etxebizitza unibertsala; kalitatezko lan baldintza berdinak izanik gutxiago lan egitea, denok lan egin dezagun; biziraupen soila bermatzetik harago garapen pertsonal eta kolektibo osorako baldintzak, eta abar. Gaur egun ezinezkoak diren aldarrikapenak dira, baina bestelako gizarte antolaketa baten baitan gauzagarriak liratekeenak; Estatu Sozialistaren baitan", adierazi dute Kontseilu Sozialistek. "Gure alternatiba argia da: Estatu Sozialistaren eraikuntza da guztion ongizatearen berme bakarra. Borroka bakoitzean norabide horretan lanean jarraituko dugu. Autodefensta sozialista antolatzen jarraituko dugu", gehitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK