Zortzi hilabete igaro dira 2025. urtea hasi zenetik, eta dagoeneko hamalau dira Euskal Herrian lanean ari zirela bizia galdu duten kamioilariak; izan errepideetan zeudela, edo izan euren ibilgailuetan zeudela. Batez beste, hilabetean ia bi garraiolari hil dira lan-istripuz, beraz. Eta badirudi gorakorra izan daitekeela urte honetako zenbaketa, izan ere, iazko urte osoan erregistraturiko kopurura heldu dira jada aurtengo lehen zortzi hilabeteetako biktimak.
Aurreko astean eman zuten azken heriotzaren berri: Iruñeko (Nafarroa) langile batek galdu zuen bizia AP-15 autobidean, Erriberri (Nafarroa) parean. Hiru sindikatuko Jon Altunak salatu duenez, goizaldeko 04:00etan izan zuen istripua 38 urteko behargin iruindarrak, "nekaturik egoteko, kordea galtzeko eta istripu bat izateko arriskua handiagoa denean". Naiz-ek gogorararazi duenez, martxoan Fiteron (Nafarroa) izandako istripu izugarria ere ordu antzekoan gertatu zen: lau garraiolari hil ziren orduan, hainbat ibilgailuk talka egin ostean.
Hiruren esanetan, garraiolarien egunerokoa markatzen dute "ordutegi-presioak, estresak, gehiegizko pisua duen kargak, prezio eta tarifa baxuek, lanaldi luzeek, ez dagozkien zamalanek eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek". Altunak seinalatu du, gainera, sektoreko enpresek sarritan urratzen dituztela laneko osasun- eta segurtasun-araudiak.
Iturri sindikalen arabera, urtea hasi zenetik, Euskal Herrian 47 behargin hil dira soldatapean lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan.