AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Espainiako Barne Ministerioa
2024/09/19 14:50

2024. urtea hasi zenetik, Espainiako Estatuan, gutxienez 32 emakume erail dituzte euren bikotekideek edo bikotekide ohiek. Hilketa gehienak izan dira udako hilabeteetan: hemeretzi, hilketen %59,38. Aurrez ere hainbatetan ohartarazi izan dute udan gora egiten dutela erailketa matxistek: 2003tik hona, uztailetan eta ekainetan gertatu da hilketa matxista gehien.

Bestalde, aurtengo udan ere nabarmena izan da euren bikotekideak edo bikotekide ohiak hil dituzten gizonen artean badirela, ohi bezala, polizia-agenteak eta polizia ohiak. Hemeretzi erailketa matxista izan badira, horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia izandakoak dira hiltzaileak. Beraz, kasuen %15,75etan.

Aurreko udan ere berdina izan zen portzentajea. Izan ere, 2023ko udan ere hemeretzi hilketa matxista izan ziren, eta horietatik hiru egin zituzten poliziek edo polizia ohiek; alegia, kasuen %15,75etan, orduan ere. Dena den, hiru horiek ez ziren izan, iaz, poliziek edo polizia izandakoek egindako erailketa matxista bakarrak: denera lau izan ziren urte osoan zehar, maiatzean beste kasu bat gertatu baitzen.

Kasuan kasu

Ez dago datu zehatzik jakiteko, benetan, zenbat poliziak edo polizia ohik erail dituzten euren bikotekideak edo bikotekide ohiak. Sekretupean mantentzen da informazio hori. Hala ere, esan bezala, jakina da gutxienez zazpi kasu izan direla Espainiako Estatuan bi urte baino gutxiagoan: 2023aren hasieratik 2024ko abuztuaren amaierara bitartean, hain zuzen ere.

Aurtengo abuztuaren 20an izan da erregistratutako azken kasua. Egun horretan, Espainiako Poliziako agente ohi batek bi emakume erail zituen Bartzelonan, tiroz. Bere bikotekide ohia eta gaur egungo bikotekidea zena erail zituen, Rubí eta Castellbisbal udalerrietan. 61 eta 64 urte zituzten emakumeek. 2023ko urtarrilean hartu zuen erretiroa hiltzaileak, eta lehen Espainiako Poliziako bigarren burua zen Katalunian.

Ekainaren 18an, bestalde, Madrilgo Soto del Realen hil zuen andre bat bere bikotekideak: tirokatu eta burua moztu zion. 66 urte zituen emakumeak. Bere garaian udaltzaina zen hiltzailea, baina jubilatuta dago orain.

Mota horretako erasoak, esan bezala, gutxienez lau izan ziren 2023an. Maiatzean, guardia zibila izandako gizon batek bere bikotekidea erail zuen Granadan. 39 urte zituen. Ekainean, 44 urteko beste emakume bat hil zuen bere bikotekide ohiak, Pontevedrako Oian. Andrearekiko urruntze-agindu bat zeukan erasotzaileak, eta guardia zibila zen.

Uztailean, 38 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak Valentziako Antellan. Polizia izandakoa zen bera ere. Iazko abuztuaren amaieran, gainera, tiroz hil zuen 58 urteko andre bat bere bikotekide ohiak, Valentziako Alziran. Hiltzailea Espainiako Poliziako agente izan zen lehen, baina erretiratuta zegoen.

Hilketa saiakera Donostian, ertzain baten partetik

2024ko udan izan diren hiru hilketa matxistez gain, erailketa saiakera bat ere izan da Donostian (Gipuzkoa), Ertzaintzako agente baten eskutik. Ertzain bat bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuaren 18an, labana batekin. Donostiako Txomin auzoan gertatu zen erasoa, eta bi alabei ere egin zien mehatxu erasotzaileak.

EZ DAGO IRUZKINIK