Greban daude Gasteizko (Araba) Mercedes lantokiko beharginak. Blokeatuta jarraitzen dute lan-hitzarmena berritzeko negoziazioek, eta horren aurrean, greba egingo dute langileek. Aurreneko lanuztea izango da gaurkoa, baina gehiagotan ere joko dute grebara datozen egunetan. Datorren astean, bost egunez egongo dira greban, ekainaren 27tik uztailaren 1era bitartean.
Gaur, 11:00etan, manifestazio bat egingo dute langileek lantegi inguruan. Horren ostean, piketeekin eta bestelako protestekin jarraituko dute. 4.700 behargin dira Gasteizko Mercedesen.
Aurreko ostiralean bildu zen negoziazio-mahaia azkeneko aldiz, eta zuzendaritzak esan zuen, grebak irauten duen bitartean, ez dela langileen ordezkariekin hitz egiteko elkartuko. Hortaz, ez da aurrerapausorik negoziazioan. Sindikatuek aurreko astean salatu zutenez, zuzendaritzako kideek uko egiten diote "puntu beltzak" sinatzeari: "Ezin dugu onartu malgutasuna handitzea, erosteko ahalmenari ez eustea edo enpresak asteburuetako eta jaiegunetako baldintzak hitzarmenetik kanpo utzi nahi izatea".
Hasieran, CCOO eta UGT sindikatuek egin zuten greba deialdia, bi egunetarako: gaurko eta ekainaren 29rako. Aurrerago, ESK, ELA eta LABek ere deitu zuten grebara, eta astebeteko deialdi baten alde agertu ziren (ekainaren 27tik uztailaren 1era). Proposamen hori onartu zuten langileek, baina gaurko greba deialdiarekin bat egitea ere adostu zuten. 11:00etako manifestazioa, dena den, sindikatu guztiek babestutakoa da.