AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / X-tik hartutakoa.
2024/11/19 00:25

Bederatzi pertsona daude auzipetuta, 2019an, Bilboko (Bizkaia) Atxuri auzoan Voxeko faxisten kontra protesta egiteagatik. Urte horretako azaroaren 6an, Atxurin propaganda-postu bat jartzen saiatu zen Vox, baina aurre egin zieten hainbat lagunek, eta euren kontra kargatu zuen Ertzaintzak. Protesta horren harira auzipetu zituzten bederatzi pertsona.

Atzo hasi zen euren aurkako epaiketa, eta gaur eta bihar jarraituko du. "Gorroto-delitu bat" egitea leporatu diete prozesuan, baita "mehatxu egitea", "tratu txarrak" ematea eta "agintaritzari eraso egitea" ere. Hasieran, lau eta zortzi urte arteko espetxe-zigorrak eskatu zituzten auzipetuentzat.

Atzoko saioan, baina, egotzitako hainbat delitu (hala nola "gorroto-delitua") atzera bota zituzten zortzi pertsonaren kasuan, eta euren aurkako zigor eskaerak jaitsi zituzten: zazpi eta hamasei hilabete arteko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte orain. Bederatzigarren kidearen kasuan, baina, eskaerak mantendu dituzte fiskaltzak eta akusazio partikularrak; zazpi hilabetekoa eta lau urtekoa, hurrenez hurren.

Atzo goizean, epaiketa hasi zenerako, hainbat eta hainbat pertsona zeuden epaitegi kanpoan elkarretaratuta: elkartasuna adierazi zieten auzipetuei. Protestan gogorarazi zuten, gainera, Voxekoen kontra mobilizatzean "pauso bat aurrera" eman zutela bederatziek, "euren kaleetan mezu baztertzaileak arbuiatzeagatik". Beharrezkotzat jo zuten aurre egitea "gorroto-diskurtsoei", "justizia soziala eta zigorren beldurrik gabe adierazteko eskubidea defendatuz".

Faxisten kontrako protestak jomugan

Arrasaten (Gipuzkoa) Voxi aurre egiteagatik ikertzen ari dira sei lagun, eta ostiral honetan deklaratu beharko dute. Azpeitian (Gipuzkoa) ere seinalatu dute faxisten aurka egindako protesta bat: 20 pertsona deitu dituzte deklaratzera horregatik, eta azaroan eta abenduan zehar egin beharko dute.

EZ DAGO IRUZKINIK