Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio preso politiko ohiak atxilotu dituzte gaur goizean; Guardia Zibilak egin ditu atxiloketak. Saez de Egilaz Beasainen (Gipuzkoa) atxilotu dute, kalean, 08:30ak aldera. Aurrez 11 urtez eduki zuten preso, eta 2014an geratu zen aske Frantziako Estatuak ezarritako zigorra bete ondoren. San Epifanio, berriz, 2017ko uztailean geratu zen aske, 23 urteko espetxealdiaren ondoren; bilbotarra da preso politiko ohia.
Eguerdian askatu dituzte bi preso politiko ohiak. Saez de Egilazi 13:30ean eman diote Donostiako (Gipuzkoa) Intxaurrondoko kuarteletik irteteko baimena. San Epifanio, berriz, 15:30ak arte izan dute atxilo; Bilboko (Bizkaia) La Salveko kuartelean. Haien aurkako atxilotze-agindua ez ezik, soinean zeramatzaten gailu elektroniko guztiak atzemateko agindua ere igorri du Espainiako Auzitegi Nazionalaren 6. instrukzio epaitegiak.
Poliziak ez du zabaldu oraingoz zer leporatzen dieten. Hainbat hedabidek zabaldutakoaren arabera, preso politikoen harrera ekitaldiekin lotuta leudeke atxiloketak. Hain zuzen, iazko urtarrilean beste lau lagun atxilotu zituzten harrera ekitaldiekin lotuta, eta "terrorismoari gorazarre egitea, umiliazioa eta terrorismoaren biktimak gutxiestea" egotzi zieten orduan.
Otsailean, berriz, sei pertsonak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten preso politikoei egindako harrera ekitaldien harira. "Terrorismoa goratzearen delitu jarraitua" leporatu zieten, eta azaldu zuten ikertzen ari zirela ba ote dagoen preso politikoei ongietorriak egiteko egitura jakinik.