AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/19 10:56

Aroztegikoen aurkako epaiketako sententzia eman du jada Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Epaileak 5.850 eta 9.450 euro arteko isunak ezarri dizkie zazpi auzipetuei, Aroztegiko makroproiektuko obrak modu jarraituan gelditzea eta langileen lana "bortxaz" nahiz "intimidazioz" geratu izana leporatuta. Protestetan identifikatu zituzten aldien araberako isunak jarri dizkio bakoitzari, zigorrak indibidualizatuta; eta ardura zibila ezarrita, kalte-ordainak eman beharko dizkiete Explotaciones Forestales Queipo S.L eta Obras y Servicios Tex S.L enpresei.

Hala ere, zorionez, ez dituzte epaituak kartzelaratuko. Epaileak absolbitu egin ditu "talde kriminal" bateko kide izateari buruzko akusaziotik, froga falta dela-eta. Epaia ez da irmoa, baina, eta helegiteak aurkezteko aukera dago.

2021eko apirilean izan ziren Aroztegiko proiektu urbanistikoaren aurkako protestak Lekarozen (Nafarroa): luxuzko hotel bat, golf-zelai bat eta luxuzko 228 etxebizitza eraikitzea zen asmoa. Dena den, dozenaka lagun mobilizatu ziren proiektu txikitzailearen kontra, eta apirilaren 8ko, 9ko, 16ko zein 20ko protesta-ekintzak eraman zituen auzitara Palacio de Arozteguia SM enpresa sustatzaileak. Maiatzaren 19tik 23ra bitartean epaitu zituzten zazpi auzipetuak Iruñean (Nafarroa), eta 56.000 euroko isunak eta hogei urterainoko espetxe-zigorrak eskatzen zituzten haientzat, besteak beste, "talde kriminal" baten parte izatea egotzita.

"Ez digute utzi erraten enpresak diru publikotik 43 milioi euro lortzeko gure kirminalizazioa behar duela eta, horretarako, nahi eta nahi ez, talde kriminal hierarkiko eta antolatua garela sinestaraztea lortu nahi duela", salatu zuten Aroztegikoek epaiketaren azken egunean. Haiekin elkartasunez, epaiketan zehar egunero izan ziren protestak auzitegi kanpoan, absoluzioa exijitzeko. Kolektibo eta mugimendu ugari hurbildu ziren babesa ematera eta absoluzioa aldarrikatzera.

EZ DAGO IRUZKINIK