AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/23 13:30

Astelehenean hasi zen Baztango zazpi pertsonaren aurkako epaiketa, eta gaur izan da bosgarren eta azken saioa. Orain, epailearen erabakiaren zain geratuko dira alde guztiak. 2021ean Aroztegiko makroproiektu turistikoaren aurka mobilizatzeagatik epaitu dituzte zazpi lagun, Palacio de Arozteguia SM enpresak landa-eremura hondeamakinak bidali zituenean, protestak izan baitziren bertan. Horri lotuta, zigor ikaragarriak eskatu dituzte auzipetuentzat, hogei urterainoko kartzela-zigorrak eta 56.000 eurorainoko isunak, hain justu.

Bost egunez luzatu den epaiketan zehar, bai fiskaltza bai akusazio partikularra (Palacio de Arozteguia) saiatu dira defendatzen "indarkeria" erabili zela Aroztegiko proiektuaren kontrako protestetan, eta "talde kriminal antolatu" baten parte direla auzipetutako pertsonak, haietako baten "aginduak" jarraituz. Dena den, prozesuan zehar, agerian geratu da zer nolako hutsuneak dituen errelato horrek. Akusatuek atzo azaldu zuten "desobedientzia zibil baketsua" egin zutela protestetan eta ez zutela "inoren agindurik" bete horretan ari zirenean, eta epaiketan deklaratu duten polizia-agenteek beraiek aitortu dute mobilizazioak "baketsuak" izan zirela.

Hiru aldeek (fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak) gaurko saioan aurkeztu dituzte azken ondorioak, eta badirudi auzipetutako pertsonek "talde kriminal" bat osatzen dutelako akusazioa mantenduko dutela bai fiskaltzak bai Palacio de Arozteguiak.

Absoluzioa

Aroztegiko auzipetuekin elkartasunez, egunero izan dira elkarretaratzeak Iruñeko (Nafarroa) epaitegi kanpoan, eta egunero exijitu dute akusatuen absoluzioa. Kolektibo eta mugimendu ugari bertaratu dira epaituei babesa ematera eta haien absoluzioa aldarrikatzera. Gaur goizean ere jende andana izan da Nafarroako Justizia Auzitegi aurrean, eta txalo artean hartu dituzte epaituak, judizioa amaitu eta epaitegitik irten direnean. Une horretan hartu dute hitza haiek.

"Ez digute utzi erraten enpresak diru publikotik 43 milioi euro lortzeko gure kirminalizazioa behar duela eta, horretarako, nahi eta nahi ez, talde kriminal hierarkiko eta antolatua garela sinestaraztea lortu nahi duela", adierazi dute: "Helburu hori betetzeko, enpresak eta fiskaltzak bat eginez, gezurretan oinarritutako kontakizun misogino, patriarkar eta klasista asmatu dute". Ohartarazi dutenez, "arras posible da talde kriminalaren kondena ezartzea", nahiz eta epaiketan nabarmendu den "horrek ez duela oinarri juridikorik, ezta frogetan ere".

Herritarrei eskatu diete adi egon daitezela sententziara, argitara ateratzen denean, "babesa beharrezkoa" izango dela azpimarratuta.

EZ DAGO IRUZKINIK