AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ategorrietako sarraskiaren ostean, tranbia bat irauli zuten Donostiako zentroan. Argazkia: Ricardo Martin/Kutxateka
2022/05/20 17:45

1931ko maiatzaren 27a. Ategorrietako sarraskia

HAIEN MEMORIA BERRESKURATUZ SOZIALISMOA ERAIKI


Sarrera

Aurrean duzun kronika langile mugimenduaren oroimena lozorrotik atera, eta hari esanahi politikoa emateko beharretik sortu da, historiaren hari gorriari justizia egiteko xedez, hain zuzen.

1931ko maiatzaren 27a beltzez markaturiko eguna da langile klasearentzat, burgesiaren boterearen izaera gordinaren adibide bat gehiago. Haien lan baldintzen hobekuntzaren alde borrokan ari ziren arrantzaleen eskariei tiroz erantzun zien Espainiako II. Errepublikako gobernuak, eta zazpi grebalari hil eta 33 zauritu zituen Ategorrietako sarraskian.

Sozialdemokraziaren traizio historikoaren erakusgarritzat har dezakegu gertatutakoa, eta langileriaren antolakuntza politiko independentean berrestearen garrantzia erakusten duen esperientzia gisa. Beraz, egun hartan jazotakoa azaltzeaz eta bere testuinguru historikoan kokatzeaz gain, gertatutakotik atera ditzakegun ondorio politikoak ere aletuko ditugu orriotan, Ategorrietako sarraskiaren oroimena dagokion klaseak landu dezan eta justizia egin dadin sozialismoaren eraikuntza ekonomiko eta politikoan sakontzea ezinbestekoa baita.

Aurrekari historikoak

Esan bezala, 1929ko krisiak eragin zuzena eduki zuen langileen lan baldintzen okertze orokortuan. Izan ere, bete-betean jo zuen industria astun gisa ezagutzen den metalgintzaren arloa, eta ugariak izan ziren kaleratzeak.

Langile askok beren lan indarra beste enpresa bati saldu beste aukerarik gabe geratu ziren. Enpresa horietako bat izan zen Pesquerias y secaderos de bacalao de España. Pasaian errotutako enpresa izan zen, eta arrantzaren arloan Espainiako Estatuan indar handiena eduki zuenetakoa.

Bertako langileen klase konposizioari dagokionez, asko eta asko ezinbestean arrantzaren mundura pasa ziren manufakturatik zetozen langileak ziren. Horrek ideologia desberdinetako langileak batzea ekarri zuen, hala nola anarkistak, sozialistak eta komunistak.

Sindikatu itunzaleen aurrean eta langileriaren auto-antolakuntzaren filosofiaren aztarnei jarraiki, sindikatu berri bat sortzea erabaki zuten. La Unión Marítima bilakatu zen, ordutik aurrera, Pasaiako arrantzaleen sindikatu nagusia. Juan Astigarribia komunista izendatu zuten idazkari nagusi. Aipatu beharra dago harekiko lotura organikorik ez bazuen ere La Unión Marítima sindikatua UGT-ren espektro politikoan kokatzen zela eta horrek, gerora, hainbat gatazka ekarri zituela.

Gatazkaren hastapenak

Pasaiako langileen lehen eskaera apirilaren 19an koka dezakegu. Aldarriak honako hauek ziren: lan baldintzen hobekuntza eta, oro har, atsedenerako egun bat. Maiatzaren 1ean, La Unión Marítima sindikatuak sustatuta, arrantzaleek grebara deitu zuten. Jarraipen oso handia izan zuen grebak, eta 3000 langile batu zitzaizkion. Esan bezala, Espainiako Errepublikaren ordena kinka larrian zegoen garaia zen ordukoa eta, beraz, langile sektorean zetorren krisi politikoak nahiko leku txarrean uzten zuen gobernua, sektore atzerakoien etengabeko erasoei aurre egiten ari baitzen.

Horren harira, armadoreek negoziazio mahai bat irekitzea proposatu zuten, baina negoziazioek iraun bitartean greba bertan behera uzteko baldintzarekin. Arrantzaleek, ordea, ez zuten baldintza hori onartu eta greban jarraitu zuten. Gauzak horrela, eta greba luzatzen joan ahala, arrantzaleen sindikatuen artean grebarekiko ikuspuntua ere aldatzen joan zen.

Grebaren ulerkeraren inguruko bi jarrera nagusi bereizi ziren. Moderatuak zeuden batetik, kontzesioei eta armadoreekin negoziatzeari garrantzia ematen zietenak, eta, bestetik, La Unión Marítima sindikatuan antolatuta zeuden anarkista zein komunistak, greba azken muturreraino eraman nahi zutenak. Dena den, sindikatuan UGT-k zuen eraginaren poderioz, eta grebaren nolakotasunaren eztabaidaren haritik, maiatzaren 21ean egindako asanbladan sindikatuan komunistarik ez onartzea erabaki zuten. Ondorioz, Juan Astigarribia idazkari komunista sindikatutik kanporatu zuten. Grebak aurrera egin ahala grebalarien pazientzia higatzen eta gosea handitzen ari zen. Gainera, armadoreak Galiziatik Pasaiara eskirolak eramaten saiatu ziren, baina egoera zein zen ikusita itzultzea erabaki zuen hainbatek, eta beste hainbat bertako grebalariei laguntza emateko gelditu ziren. Bien bitartean, arrantzaleen eskariak eta grebaren oihartzuna Gipuzkoan eta harago zabaltzen ari ziren, eta testuinguru horretan, maiatzaren 24ean, La Unión Marítima sindikatuak berriz ere izaera komunista hartu eta Juan Astigarribia idazkari ohia berrezarri zuen.

Hurrengo egunak tentsioz beterikoak izan ziren. Maiatzaren 25ean Zarautz eta Getaria arteko bidean zegoen pikete batek Getariko portura iritsitako elikagaiez betetako kamioi bat erre zuen. Egoeraren larritasunaz jabeturik, eta tentsioa igo ahala, Avance Marino sindikatuko bi militante anarkista atxilotu zituen Poliziak.

Egoera baretzetik urrun atxiloketek tentsioa igo besterik ez zuten egin. Hurrengo egunetan Espainiako Bigarren Errepublikako gobernuak telegrama bat argitaratu zuen, armadoreen eta arrantzaleen arteko bitartekaritza lanak egiteko bere burua eskainiz. Miguel Maura ministroak bidali zuen telegraman mehatxua zetorren, baina. Bitartekaritza lanak onartzen ez zituzten grebalari zein armadoreak errepublikaren etsai gisa hartuak izango zirela zioen, eta legea modurik zorrotzenean aplikatuko zitzaiela.

Ramon Aldasoro PSOEko ordezkari eta Gipuzkoako Gobernadore Zibila zenak grebalariekin biltzea erabaki zuen, baina dagoeneko egoerak gainezka egin zuenez, grebalariek esan zioten atxilotuak beraiek askatuko zituztela. Aldasorok, baina, legea modurik zorrotzenean aplikatuko zuela erantzun zien, ministroaren mehatxua gogoraraziz. Egoera okertzen eta gatazka tenkatzen joan ahala, San Pedro eta Trintxerpeko arrantzaleek atxilotuen askatasuna eskatzeko manifestazioa antolatu zuten. Manifestariek ordea, ezin izan zieten segurtasun indarrei iskin egin, eta bertan behera utzi behar izan zuten. Dena den, 1500 pertsona biltzea lortu zuten.

Ategorrietako sarraskia: gertakariak

Maiatzaren 27rako Greba Orokorra deitu zuten grebalariek. La Unión Marítima izan zen greba babestu zuen sindikatu bakarra. Lehen esan bezala, grebarekiko ikuspuntu desberdinak zeuden langileen eta sindikatuen artean, eta greba orokorraren egunean aldeak guztiz polarizatu ziren. Donostiako sindikatua zen Federación local de sociedades obreras-ek elkartasunezko atxikipenari uko egin zion eta UGT-ren inguruko tranbiako gidarien artean ere ezezkoa gailendu zen. Gobernadore zibilak, errepublikanoek eta sozialistek ere ordena mantentzeko eskatu zuten.

Goiz-goizetik somatzen zen tentsioa, Gobernadorearen aginduz Donostia militarki hartua baitzegoen. Tranbiak miatu zituzten, eta eraikin publikoetan ere segurtasun indarren presentzia itogarria zen. Egoera horretan, La Unión Marítimako hainbat militante gobernadore zibilaren egoitzara joan ziren atxilotuen askatasuna eskatzeko ultimatuma ematera. Determinazio osoz, eskaera ez betetzekotan indarkeriara joko zutela esan zioten Gobernadoreari, eta berdina erantzun zien hark.

Goizeko 10:00ak inguruan, «Queremos pan para nuestros hijos» eta «Libertad para nuestros compañeros» (Gure seme-alabentzat ogia nahi dugu eta Gure kideentzat askatasuna) lelopean 3000 pertsona inguru abiatu ziren Trintxerpetik, manifestazioaren buruan emakumeak eta haurrak zeudelarik. Gobernadore zibilak manifestazioa debekatu eta armada bildu zuen Donostian.

Manifestazioak aurrera egin ahala, Mirakruzeko gainean armadaren destakamendu bat aurkitu zuten grebalariek. Manifestariek era baketsuan jardungo zutela esaterakoan, soldaduek pasatzen utzi zieten, baina Guardia Zibila beherago zain zutela esanez. Ategorrietara iristean, zaldi gainean zeuden Guardia Zibilekin egin zuten topo. Militarren erantzuna ikusirik, bake keinua eginez, eskuak gora zituztela pasatu ziren beraien aurretik. Guardia Zibilaren jarrera, ordea, bestelakoa izan zen. Lehenengo tiro hotsaren ondotik bigarrena etorri zen, eta horren ondotik beste hainbeste.

Ondorioa ezaguna bezain tragikoa da, Ategorrietan bertan sei hildako egon ziren, eta zazpigarrena bi egunen ostean hil zen, jasandako zaurien ondorioz. Hildakoez gain gutxienez hogeita hamahiru zauritu eragin zituzten Guardia Zibilek.

Ategorrietako sarraskia

Hori guztia gutxi balitz, gatazka eta errepresioa ez zen horretan amaitu. Egoeraren larritasunaz jabeturik, 11:00ak aldera Gobernadore Zibilak Gerra Egoera ezarri zuen Gipuzkoa osoan, eta bai arrantzaleei zein armadoreei bitartekaritza eskaini ere, presio eginez, eta lehenago egindako mehatxu bera errepikatuz. Komunisten eta anarkisten partetik jasotako erantzuna nahiko argia izan zen: hiru eguneko greba orokorra deitu zuten.

Pasaian dena itxi zuten eta erabateko greba izan zen eta Donostian jarraipen handia eduki zuen. Greba, ordea, egoeraren desnormalizazioaren isla izan zen. Hainbat izan ziren grebaren harira egon ziren gatazkak. Martuteneko komitea biltzen zen tabernari eraso egin zioten militarrek, tiroka sartu ostean hamaika militante atxilotu zituzten. Buruzagi komunistek, ordea, ihes egitea lortu zuten.

Donostiako piketeak hirian barrena taberna, saltoki zein lantegiak ixteko presioa egiten ari ziren bitartean, Torrijos buruzagi sozialistaren lantegira iritsi ziren. Denda ixteko asmorik ez zuela esaterakoan, piketeak bultzaka lurrera bota eta buruan kolpe bat eman zioten. Eskopeta hartu eta piketeen aurka tiro egin zuen, zortzi grebalari zaurituz. Piketeetan, besteak beste, tranbia irauli eta arma-denda bat erasotu zuten.

Hurrengo eguna dolu eguna izan zen grebalarientzat eta, batez ere Galiziarrentzat, hildako gehienak hangoak baitziren. Polloen izan ziren hiletak, eta jende ugari bertaratu zen. Bestetik, armadoreek bitartekaritzan parte hartzeko prestutasuna erakutsi zuten, eta hala adierazi zioten gobernadoreari. Egoerak, ordea, baretu gabe jarraitzen zuen. Hamarnaka atxilotu izan ziren sabotajeak egin izana aitzakia gisa hartuta.

Sarraskitik hiru egunera, maiatzaren 30ean, ehunka grebalarik gobernadorearen eskera onartu zuten La Unión Marítima sindikatuaren egoitzan, eta bitartekaritzan parte hartzeko ordezkariak aukeratu zituzten.

Bitartekaritzari ekiterakoan hainbat lekutan gerra egoera kendu zen, baina atxiloketak ez ziren eten. Hurrengo egunetan hainbat izan ziren grebalariekiko elkartasunez antolaturiko ekimenak, hala nola, marinelen seme-alabei otorduak eskaintzeko jangela baten irekiera zein grebalarien gastuei aurre egiteko zinema emanaldi bat, besteak beste. Bitartekaritza amaitu ostean, grebalariak ekainaren 12an itzuli ziren itsasora eta, dakigunez, bere horretan amaitu zen hainbeste sufrimendu utzi zuen gatazka.

Oroimen politikoa

Ategorrietako sarraskiak, langile mugimenduaren esperientzia askok bezala, langile borroka balioan jartzez gain kapitalaren despotismoaren aurkako borrokaren inguruko hausnarketa sakon baterako aukera ematen digu. Krisi testuinguruan langile klaseko kapa kolpatuenek (1931n Pasaiako arrantzaleak, esaterako) aldarri sorta bat defendatu nahi izatea eguneroko ogia dugu gaur egun ere. Kasu honetan, aldarrikapenen izaera mugatuak borrokaren indar guztiak itotzen amaitu izanak jardun politikorako irakaspen baliotsua izan behar du. Izan ere, borrokak bere esparru edo lan tokitik haratago eragin politiko nabarmena eduki bazuen ere, arrantzaleen aldarrikapenak onartzearekin batera amaitu zen gatazka.

Kontuan eduki behar dugu Depresio Handia gisa ezagutzen den 1929ko krisi finantzarioaren ondorioek zedarritutako testuingurua zela 1931koa eta aldarri ekonomiko hutsen lorpena biziki zaildu zuela horrek. Hots, kapitalistek beren irabaziak mantentzeko –kapitala ekoizteko, alegia– zailtasunak dituenean, burgesiak zailtasun gehiago jartzen dituela gainbalioaren banaketaren inguruko, hau da, soldatak hobetzeko eta gastu soziala ordaintzeko borroken aurrean. Oro har, beraz, langileriaren bizi baldintzen okertze orokortu bat ematen da. Gainera, lan baldintzen hobekuntza hutsa eskatzen duten borrokak ekoizpen modu kapitalistarentzako funtzionalak ere izan daitezke. Alegia, gaur egun, jardun sindikala, adibidez, erabat integratua dagoen mekanismoa da eta langileen eta ugazabaren arteko liskarrak baretzeko funtzioa betetzen du, ez du inolako gaitasunik azken horren existentzia zalantzan jartzeko.

Horrez gain, langileriaren inguruko iruditegi ekonomizista alde batera uztea ere beharrezkoa da. Langileek beren lan esparruetan lan baldintzak hobetzeko aurrera eramaten dituzten borrokak garrantzitsuak dira, baina beharrezkoa da borroka horien atzean dagoen politika agerian utzi eta ekoizpen modu kapitalista gainditzeko beharra mahaigaineratzea. Horretan ekarpena egiteko lan egiten du Kontseilu Sozialistak. Hots, Kapitalak inposatzen duen esplotazio zein zapalkuntza modalitate guztien gainditze bakarra sozialismoaren eraikuntza ekonomiko eta politikoa da. Beraz, Ategorrietako sarraskiaren esperientziatik atera daitekeen ondorio garbiena bide horretatik datorrela uste dugu. Izan ere, sindikatu itunzaleen aurrean langileriaren antolakuntza independentearen zantzuak ageri dira esperientzia horretan.

Bestetik, sozialdemokraziaren enegarren traizio historikoaren aurrean ginateke. XX. mende hasieratik Mendebaldeko Europan paper kontrairaultzaile argia eduki du sozialdemokraziak. Rosa Luxemburg eta Karl Liebknechten erailketatik Espainiako Bigarren Errepublikaren gobernura, erreformismoak kapitalaren interesen alde egiten amaitzen duela egiaztatu dezakegu. Zentzu horretan, 1931ko Ategorrietako sarraskia langile mugimenduaren matxinaden aurkako errepresioaren hasiera baino ez zen izan. Paradigmatikoena, 1933an Cadizeko Casas Viejas probintzian egondako iraultza saiakeraren aurka gobernu sozialdemokratak erabilitako bortizkeria eta egindako basakeria izan zen, 23 nekazari eta anarkista hiltzeaz gain beste hamar atxilotu eta espetxe zigorretara kondenatu zituzten. Esan bezala, traizio historikoaren adibide batzuk baino ez dira horiek eta, beraz, gaur egun ere borondate politiko ona duten baina proiektu politiko erreformista garatzen saiatzen diren mugimenduak kapitalaren ezkerra direla azpimarratu behar da, hots, klase-etsaitzat hartu behar dira.

Ondorioz, Ategorrietako sarraskiaren erabilera folkloriko zein sozialdemokrata eta obrerista salatu behar dira. Biak ala biak, burgesiaren adierazpenak izateaz gain, langile mugimendu horren izaera ulertzeko elementuak mahaigaineratzetik urrun, berau nahasteaz arduratu eta irakaspenak ateratzeko oztopo bihurtzen baitira. Izan ere, eta aipatu bezala, esperientzia honetatik atera daitekeen irakaspen nagusia proletalgoaren independentzia politikoan dago, arestian aipaturiko bi agente politikoek ukatzen duten printzipio politikoan hain zuzen.

Beraz, eta amaitzeko, liburuxka honekin Ategorrietan hil zituzten langileei omenaldi xume bat egin nahi diegu, eta tradizio sozialistaren lekukoa ohore handiz eta determinazio politikoz azken muturreraino eramateko hautua berretsi. Prozesu iraultzaileak soilik egingo baitie justizia zapalkuntzarik gabeko gizartearen alde dena eman dutenei.

Eraildakoak

Jose Carnes: 32 urte

Manuel Perez: 34 urte

Jose Novo Martinez: 25 urte

Antonio Barro: 31 urte

Julian Zurro Perez: 19 urte

Jesus Camposanto: 23 urte

Manuel Lopez Diaz: 26 urte (egun batzuen ostean, zaurien larritasuna dela eta hil zen)

EZ DAGO IRUZKINIK