AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/24 20:51

Astelehen gauean, Ertzaintzak karga bortitzak egin zituen Hernaniko (Gipuzkoa) erdigunean, hainbat pertsona zaurituz. Horren aurretik zein bitartean, gutxienez hiru talde-eraso arrazista izan ziren herrian, jatorri magrebtarreko pertsonen aurkakoak guztiak.

Gazte batek zenbait magrebtarrekin izandako liskarra hartu zuten horretarako aitzakiatzat arrazistek. Izan ere, aipatutako borrokaren ondoren, erreakzio arrazista hedatu zen jai-giroan zeuden hainbat eta hainbat gazteren artean, eta liskar zehatzarekin zerikusirik ez zuten pertsona magrebtarrei eraso egiten hasi ziren.

Dozenaka gaztek jatorri magrebtarreko mutil bat harrapatu zuten lehenengo, eta jipoitu egin zuten. Biktimak udaletxean hartu zuen babes, udaltzainek esanda, baina jarraitu egin zion jende andanak, udaletxeko atea haustera iritsiz, zenbait lekukotzaren arabera. 

Aurrerago, jakin zen bigarren gazte migrante bati eraso ziotela taldean kalean, eta jatetxe batean babestu behar izan zuela bere burua. Horren ondoren, hirugarren eraso baten berri ere izan zen: zazpi bat pertsona oldartu ziren jatorri marokoarreko mutil baten kontra, eta jipoitu ostean, baratze batzuetara bota zuten. Ospitaleratua izan zen gero, jasandako zaurien ondorioz.

Itxura denez, lehenengo talde-eraso arrazistaren ondoren hots egin zioten udaltzainek Ertzaintzari, kalean interbenitu zezan. Ertzainen erantzuna izan zen erdigunea hartzea eta kalean zeuden pertsona guztien aurka kargatzea, borra-kolpeka eta pilotakadaka.

Txosna Batzordearen salaketa

Astelehen gaueko "Poliziaren oldarraldi bortitza" salatu eta zauritutako pertsonei babesa emateaz gain, gau horretan gertatutako eraso arrazistak salatu ditu Hernaniko Txosna Batzordeak. "Aurretik herrian izandako liskar batzuk aitzakiatzat hartuta [...], hainbat eraso arrazista (guk dakigula hiru) izan ziren, jipoi masibo eta antolatuen bidez", jakinarazi du batzordeak: "Liskar edo borrokaldi batek sekula ez du justifikatuko talde-eraso antolaturik".

Horrekin batera, "irmoki salatu" ditu "gertakarien harira asmo interesatu batekin zabaltzen ari diren bulo eta gezur arrazistak, baita, Hernanin, jaien aurretik hedatutakoak ere".

Arrazakeriaren aurkako elkarretaratze jendetsua atzo

Gertakari horiei guztiei lotuta, atzo iluntzerako, kontzentrazio bat antolatu zuen Gudarien Plazan AMHER SOS Arrazakeria elkarteak. Jende ugari batu zen, eraso arrazistei ezetz esateko. Deialdiarekin bat egin zuten Txosna Batzordeko eragileek ere.

EZ DAGO IRUZKINIK