Aurreko asteburuan, gutxienez hiru gizonezko atxilotu zituzten Bizkaian, bi sexu-erasoren harira. Getxon, batetik, emakume bati eraso zion gizon batek, kalean. Larunbat goizaldean izan zen erasoa, eta gero ospitalean artatu behar izan zuten emakumea. 28 urteko gizonak ihes egin zuen, baina igande goizean atzeman eta atxilotu zuten. Dena den, aske uztea erabaki zuen epaileak.
Bilboko Errekalde auzoan, bestetik, bi gizon atxilotu zituzten igande goizean, sexu-eraso bat zela-eta. Antza, etxebizitza batean gertatu zen erasoa, baina ez dute xehetasunik eman. Aske utzi dituzte bi erasotzaile horiek ere, karguekin.
Iruñean (Nafarroa), emakume bat bortxatu du gizon batek asteburuan, Alde Zaharreko atalondo batean. Iruñerriko Itaiak elkarretaratze batera deitu du gaur iluntzerako: udaletxe aurrean izango da protesta, 20:00etan.