AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/04 10:09

Greziako Gobernuak iazko irailean onartu zuen Georgiadis Legea deiturikoa, gobernuko Demokrazia Berria alderdiaren gehiengoaren bidez. Lan-erreformak jasotzen dituen neurrien barruan, lanaldiari lotutako hainbat aldaketari egin diete bide: sektore publikoko eta pribatuko langileei ezarri ahal zaien lanordu kopurua handitu dute, eta oraintsu sartu dituzte indarrean horretarako neurriak.

Teorian, lan-fluxu "etengabea" duten sektoreetan areagotu ahalko diete lanaldia beharginei. Lan-fluxu horren adierazle izango lirateke, esaterako, lana txandaka antolatzea edo, "behar bereziek" bultzatuta, ahalegin "puntual" bereziak egin behar izatea. Dena den, sindikatuek behin eta berriz salatu dute oso zalantzagarria eta nahasia dela definizio hori.

Erreforma justifikatzeko, Kyriákos Mitsotákisen gobernu kontserbadoreak aitzakiatzat hartu du "lehiakortasuna hobetzea" eta "kualifikatutako langile faltari" aurre egitea. Oraingoz, industrian hasi dira erreforma aplikatzen eta lanaldiak handitzen: egunean 24 orduz martxan izaten diren lantokietan, hain zuzen ere. Georgiadis Legea, berez, kontraesanean sartzen da zenbait lan-hitzarmen kolektiborekin, nahiz eta ez diren asko Troikaren murrizketa- eta austeritate-politiken ostean.

Sei lanegun, egunean hamahiru ordu eta kaleratze malguagoak

Enpresek uztailaren 1etik daukate gaitasuna langileei lanaldia handitzeko, astean seigarren lanegun bat inposatuta. Beharginek ez daukate eskubiderik lanegun gehigarri horri uko egiteko. Momentuz, aldaketa hori da lantegietan ezartzen hasi diren lehenengoa, baina ez da lan-erreformak barne hartzen duen eta ahalbidetzen duen neurri bakarra.

Seigarren laneguna legeztatzeaz gain, egun bakoitzeko lanaldia luzatzeko aukera zabaldu diete enpresaburuei. Gainera, aukera egongo da lanaldi osoko (zortzi orduko) lan bat eduki arren, lanaldi partzialeko bigarren lan batean (gehienez egunean bost ordukoa) aritzeko. Modu horretan, eta bi lanak kontuan hartuta, legezkoa izango da langile batek egunean hamahiru orduz jardutea. Orain arte ere ohikoa izan da praktika hori, baina ez zegoen legeztatuta.

Hori gutxi balitz, kaleratzeak eta "eskariaren araberako enpleguak" erraztuko ditu erreformak. Enpresaburuek aukera izango dute langile bat botatzeko bere lan-kontratuko lehen urtean, aurrez jakinarazi gabe eta kalte-ordainik eman gabe. Eta hain polemikoak diren "eskariaren araberako enpleguei" lege-esparru bat emango die, bestalde, Greziako neurri-sorta berriak. Langileen eskubide politikoei ere, nola ez, egingo diete eraso: gogorrago zigortuko dituzte piketeak, sei hilabeterainoko kartzela-zigorrak aurreikusita.

Momentuz, seigarren lanegunari lotutako neurria hasi dira aplikatzen. Esperotzekoa da, pixkanaka, erreformak baimentzen dituen gainerako praktikak ere ezartzea.

EZ DAGO IRUZKINIK