Iruñeko (Nafarroa) azken Karpa Unibertsitarioan, urrian, emakume bat bortxatu zuten taldean, eta erasoagatik atxilotutako lau gizonezkoek bi hilabete eskas daramatzate kartzelan. Diario de Navarra-ren arabera, baina, aske utziko dituzte laster: haien DNA ez omen dator bat bortxaketa gertatu zen lekuan aurkitu zituzten arrastoekin, eta Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Iruñeko 1. Epaitegiak horregatik erabaki du haiek askatzea.
Biktima konorterik gabe topatu zuten urriaren 23ko gauean, Kirol Hirian festarako jartzen duten Karpa Unibertsitario inguruan. Handik gertu dagoen kanpaleku batean bizi dira bortxaketagatik atxilotutako lau gizonak, eta Diario de Navarra-k jaso duenez, hurbil aurkitu zuten erasotua izan zen neskaren barruko arropa. Hori omen da haien aurka topatutako aztarnetako bat, aipatutako egunkariaren arabera. Hedabide batzuek seinalatu dutenez, biktimak ez du oroitzen nork egin zion eraso.