AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/10/29 19:26

Urtarrilean jasandako eraso bat salatzeko prentsaurreko bat egin dute Tolosan (Gipuzkoa) Tolosaldeko Itaiak eta Tolosako Gazte Asanbladak. Urte hasieran, Itaiako kideak Tolosako Ezpala gaztetxean formakuntza politikorako saio bat egiten ari zirela, polizia-indarrak bertaratu eta barruan zeuden hainbat kide identifikatu zituzten. Osasun publikoaren eta segurtasunaren izenean identifikatu bazituzten ere, COVID-19aren harira ezarritako neurri guztiak betetzen ari zirela adierazi dute gaur iluntzean egindako agerraldian.

Identifikazio horien ondorioz, ekainean kide batzuek 700 euroko isunak jaso zituztela salatu zuten komunikatu baten bidez; orain, berriz, isun gehiago izan direla salatu dute. Lau pertsona biltzeko muga gainditzea eta "agintaritzari desobedientzia" egitea egozten diete. Orotara, 3.900 eurotik gora ordaintzea exijitzen diete.

Jasandako erasoaren aurrean, proletalgoaren alde lan politikoa egiteko eta gaitasun politikoak antolatzen jarraitzeko konpromiso osoa dutela adierazi dute Itaiako eta Tolosako Gazte Asanbladako kideek. Horrekin batera,  isun ekonomikoei aurre egiteko, datozen hilabeteetan hainbat ekimen antolatuko dituztela jakinarazi dute.

Askatasun politikoen aurkako erasoa

Aipatutako erasoa askatasun politikoen aurkako eraso bat dela nabarmendu dute gaurko agerraldian. Era berean, pandemian zehar langile kontrolpeko espazioetan gauzatzen den jardun politikoaren aurkako erasoak ugariak izan direla adierazi dute, eta hortaz, Ezpala gaztetxean gertatutako erasoa gertakari isolatu moduan ezin dela ulertu.

Udalaren borondate falta

Agerraldiaren amaieran, Tolosako Udalak Ezpala gaztetxearekin izandako jarrera seinalatu dute. Presentzia poliziala, identifikazioak eta jardun politikoa oztopatzeko askotariko saiakerak jasan behar izan dituzte gaztetxea erabiltzen duten kideek, eta horren aurrean, "udalak prestutasuna adierazi bazuen ere, ezer ere ez duela egin" nabarmendu dute. Arazoa, ordea, "eskumen faltan baino, borondate faltan kokatzen" dela argi utzi dute.

Hona hemen prentsaurrekoa, bideoan jasota:


EZ DAGO IRUZKINIK