AKTUALITATEA / Palestina
Artxibatu egin dute Starbucksek Iruñeko lau pertsonaren aurka jarritako salaketa
Multinazionalak lau lagun salatu zituen, Palestinaren aldeko protestei lotuta. "2025eko urrian Palestinaren alde eta Israelen aurka egondako mobilizazio-ziklo indartsuaren deitzaileak eta eragileak beldurtzeko saiakeratzat" jo du Palestinarekin Elkartasunak.
2026eko apirilaren 30 - 07:23
Artxibatu egin dute Starbucksek Iruñeko lau pertsonaren aurka jarritako salaketa
— ARGAZKIA tempo.co

Starbucks multinazionalak Iruñeko (Nafarroa) lau pertsonaren aurka jarritako salaketak ez du aurrera egingo. Palestinarekin Elkartasuna plataformak jakinarazi duenez, artxibatu egin dute salaketa. "Epaileak aurrez argi zegoena zehaztu du: ez dagoela loturarik 2025eko urrian egindako mobilizazioetako deitzaileen eta 2024ko azarotik 2025eko maiatzera bitartean Iruñeko lokalak izandako 'kalteen' artean", gaineratu du.

Martxoaren 11n deklaratu behar izan zuten lau lagunek, 2025eko urrian  Iruñean Palestinaren alde izandako protesta-zikloaren harira, salatu egin baitzituen Starbucksek. Mobilizazio batzuen deitzaileen aurkako salaketak ipini zituen enpresa erraldoiak: Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) urriaren 2rako antolatutako mobilizazioaren deitzailea, Palestinarekin Elkartasunak urriaren 4an egindako manifestazioaren deitzailea eta urriaren 10ean Mugimendu Feministak egin zuen mobilizazioaren deitzailea salatu zituen, hain zuzen ere. Laugarren salatua Palestinaren aldeko militante iruindar ezagun bat izan zen.

Salaketa eta horren ondoriozko deklarazioak "2025eko urrian Palestinaren alde eta Israelen aurka egondako mobilizazio-ziklo indartsuaren deitzaileak eta eragileak beldurtzeko saiakera" izan dira, Palestinarekin Elkartasunak ohartarazi duenez. "Poliziak eta instrukzio-epaileak egin duten lotura hain zen justifikatu gabea, ezin izan dutela kasuarekin aurrera egin; eta oraingoan behintzat, Palestinarekiko elkartasunaren aurkako errepresio kasu hau bertan behera utzi behar izan dute", azaldu du. Horiek horrela, "epaiak epai", plataformak ezinbestekotzat jo du "palestinar erresistentziaren alde eta genozidio sionistaz aberasten diren enpresen aurka borrokatzea, beharrezkoak izan daitezkeen bitartekoekin".