Starbucks multinazionala hamaika aldiz jarri dute jomugan mundu-mailan, Israeli emandako babesagatik. Jarrera horren erakusle da enpresak, Workers United sindikatuaren kontrako jazarpenaren barruan, bere aurkako salaketa bat aurkeztu izana 2023an, sare sozialetan Palestinaren aldeko mezu bat argitaratzeagatik. Multinazionaleko zuzendaritzak aitortu izan du boikoterako deiak galera ekonomikoak eragin dizkiola.
Iruñeko Alde Zaharrean frankizia bat ireki zutenetik, bizilagunek behin baino gehiagotan seinalatu dute negozioa, azken urteetan Palestinaren alde izan diren mobilizazioetan eta protesta-ekintzetan esaterako. Horiek horrela, Starbucks "errudun baten bila dabil kosta ahala kosta", Palestinarekin Elkartasuna plataformak azaldu duenez, eta epaitegietara jo du lau pertsona salatzeko.
Salatutako lau lagunek epailearen aurrean deklaratu beharko dute martxoaren 11n, Iruñean. Iazko urrian Nafarroako hiriburuan Palestinaren alde izandako hainbat protestari lotuta salatu ditu multinazionalak, mobilizazio horien deitzaileak izateagatik hain zuzen ere: Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) urriaren 2an egindako mobilizazioaren deitzailea, Palestinarekin Elkartasunak urriaren 4rako antolatutako manifestazioaren deitzailea eta urriaren 10ean Mugimendu Feministak egindako protesta baten deitzailea dira seinalatutako pertsonak, baita Palestinaren aldeko militante iruindar ezagun bat ere.
"Epaitegien eta Poliziaren laguntzaz, Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatzeko enegarren saiakeraren aurrean gaude, enpresa honen genozidioarekiko konplizitatea ezkutatzen den bitartean", nabarmendu du Palestinarekin Elkartasunak. Gogorarazi du Iruñean bertan izan direla beste errepresio kasu batzuk: bi pertsona atxilotu zituzten urriaren 15eko mobilizazioaren harira, dozenaka lagun auzipetu eta isundu zituzten Vueltan izandako protestei lotuta, eta abar. "Ez dugu onartuko Palestinaren aldeko elkartasuna epaitzeko saiakera berri hau, eta errepresioari aurre egiteko deia egiten dugu".
Plataformak eta Euskal Herriko artista ugarik, hain justu, jaialdi handi bat antolatu dute martxoaren 21erako, eta errepresioari aurre egiteko izango da etekinen zati bat. Durangoko Landako Gunean izango da jaialdia.