Aurreko urteko maiatzean atera ziren argitara Getxoko (Bizkaia) Europa eskolako irakasle batek hainbat ikasleri egindako sexu-erasoak. Lau urte dituzte haurrek, eta gutxienez bostek jakinarazi dute eraso egin diela gizon berak. Ikerketaren ostean, baina, Getxoko Instrukzioko Epaitegiak esan du eraso horiek ez direla "behar bezala egiaztatu", eta auzia artxibatzea erabaki du, behin-behinean behintzat. Haserrea sortu du ebazpenak, haurren familien artean batez ere: horren erakusle izan zen aurreko ostiral arratsaldean Getxon izandako elkarretaratzea.
Jasandako erasoen ondorioz, ikastetxez aldatu behar izan dituzte biktimak. Iaz, neskato bat izan zen erasoak azaltzen lehena, bere amak salatu zuenez, etxera kulerorik gabe itzultzen baitzen eta irakaslearekin egindako "jolasen" inguruan hitz egin baitzuen azkenerako. Umeak esan zuen "taldean" jolasten zutela irakaslearekin, eta zakila erakusten ziela hark. Ustezko "jolas" horiek deskribatu zituzten gero haur gehiagok, besteak beste, aluan egindako "kili-kiliei" aipamena eginez. Salaketa bat bestearen atzetik etorri zen orduan, eta horrela abiatu ziren ikerketa poliziala eta horri lotutako prozesu judiziala; momentuz, bertan behera geratu dena.
Sexu-erasoen berri izatean, Europa ikastetxeak baztertu egin zuen erasotzailea eta, gaur egun, ez du bertan jarduten. Hala ere, erasotuak izan diren umeen gurasoek ohartarazi dutenez, akademia pribatu bat dauka gizonak, eta bertan klaseak ematen jarraitzen du. Adin txikiko pertsonak joaten dira akademia horretara.