Itaia Emakume Sozialisten Sareak eta Gazte Koordinadora Sozialistak ohar bat argitaratu berri dute, Arrigorriagako Gazte Asanbladak (AGA) bertako Kirolak eraikinean egindako "erasoak" salatzeko. Hala, kontakizun luze bat egin dute bi eragile sozialistek, AGArekin izan dituzten arazoen berri emateko.
Abiapuntu modura, denboran atzera egin dute. Azaldu dute duela hilabete batzuk bilera bat izan zela Arrigorriagako (Bizkaia) Kirolak eraikinean, "bertako zenbait espazioren antolamendua eta banatzea erabakitzeko". Hego Uribeko Sare Sozialistak (HUSS) gonbidatuta bertaratu ziren GKSko eta Itaiako kideak, nahiz eta AGAk, eraikineko bigarren pisua erabiltzen duen HUSS "bilera horretatik kanpo utzi nahi izan zuen". Hala ere, aurrera egin zuten batzarrarekin; hain zuzen, Itaiako bi kide, GKSko kide bat, HUSSeko hamar eta AGAko bost elkartu ziren, baita eraikinean bizi den gazte bat ere.
Erabakiak mahai gainean
GKSk eta Itaiak nabarmendu dutenez, zenbait erabaki hartu zituzten bilera horretan; GKSren ordezkariak proposatuta, "frontoiaren erdia biltegi bat egiteko erabiltzea" alde batetik, "eta lehenago taberna zegoen tokiaren erabilpena Itaiari uztea", bestetik. "Bilera horretan aurrez aipatutako eragile guztion artean adostuta eta onartuta hartu ziren erabaki horiek", gehitu dute.
Hortik aurrerako ibilbidea bermatze aldera, "zenbait exijentzia ere bete" zituztela diote; "frontoiaren beste zatiaren kudeaketa kolektiboa onartzea", esaterako. Horren ostean, euren espazioetan lan egunak antolatzen hasi zirela azaldu dute Itaiak eta GKSk; baina izan da ezustekorik espazioaren prestaketa lanei dagokienean. Itaiak eta GKSk salatu dutenez, euren aurkako erasoak atontze lan horiek hastearekin batera heldu ziren. "AGAk, guztion artean hartutako erabakia bere egin beharrean, adostutako espazioan gure proiektuak garatzeko oztopoak jarri ditu behin eta berriro".
Eraso katea
Alde batetik, GKSko eta Itaiako kideek jakin dute "AGA frontoian bertan beste proiekturen bat garatzeko asmoekin zebilela, guri ezer esan gabe eta erabakiak hartzeko prozedura formal guztiak baztertuz". Bestalde, salatu dutenez, "modu zuzenean oztopatzen saiatu dira gure espazioetan egin izan ditugun egokitzapen lanak".
Espazioan segurtasunerako ate bat jarri zutela eta AGAk sarraila aldatu zuela ere adierazi dute. Hala, beste bilera bat egin zutela diote, eta bertan, "ofizialki" jakinarazi zieten AGAko kideek "ez dutela bat egiten hasieran aipatutako bilera hartan guztiok onartutako erabakiekin". Horrez gain, GKSk eta Itaiak salatu dute asanbladak ez zuela onartu aurreneko bileran zehaztutako espazioaren antolamendua: "Zuzenean gezurretan ari ginela aurpegiratu ziguten".
AGAk honako irtenbide berria atera zuen mahaira, aukera bakar modura: GKSk eta Itaiak "AGAk soberan zuen zatia erabiltzea, edo gure proiektua eraikinetik kanpo garatzea". Hala, GKSk eta Itaiak adierazi zuten "guztion artean" adostutako antolamenduaren araberako espazioetan lanean jarraituko zutela, eta azpimarratu dute "proiektuak errespetatzeko eskatu" zietela AGAko kideei.
Bestalde, oharrean eraso zehatzei egin diete erreferentzia: "AGAko kideek margoketak egin dituzte GKSren biltegian, berriro ere erakutsiz ez dutela borondaterik denok hartutako erabakiak errespetatzeko". Bi eragile sozialistek nabarmendu dute konponbide batera iristeko bideen agorpena dela "erasoaren larritasuna", eta "AGAren jarrera eta egindako erasoak salatzean" jarri dute azpimarra. Bestalde, nabarmendu dute hasierako bileran onartutakoaren arabera lanean jarraituko dutela, eta "erabakitakoa errespetatzeko" eskatu diete berriro AGAko kideei. Erabakitakoa betetzea espero dutela ere adierazi dute.Irakurri Itaiako eta GKSko kideen oharra osorik, hemen