AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/25 08:33

Errotxapeako (Iruñerria, Nafarroa) Arriasko plazan batu ziren atzo hainbat gazte, izen bera daraman Gazte Langileon Asanblada aurkezteko. Jakinarazi zuten hilabeteak daramatzatela lanean "proiektua kalean martxan jartzeko", eta "antolakuntza eta borroka sustatzea" dela "Errotxapeako gazte langileak batuko dituen espazio berri honen helburua". Hain zuzen ere, "lanerako eta borrokarako gogoz, gazteon antolakuntza independenterako espazioak sortu eta gazteon borrokarako grina indartu" nahi dutela azaldu zuten Arriaskoko kideek.

"Ideia erreakzionarioen eta faxismoaren gorakadak" markatutako testuinguruari erreferentzia eginez, esan zuten "premiazkoa" dela "ikuspegi kritikoa hedatzeko balio duten ekimenak antolatzea eta borroka-prozesuak piztea". Aldi berean, "bizitzaren garestitzea eta gazteon despolitizazioa agerikoak" direla ikusita, beharrezkotzat jo zuten "formakuntzarako espazioak sortzea eta auzoko gazteentzat ohiko aisialdi-ereduaz aparteko alternatiba zabala eraikitzea".

Errotxapeako Gazte Langileon Asanbladak azpimarratu zuen, gainera, "langile-klaseko gazteria" dela "ezegonkortasuna bere azalean bizi" duen sektore nagusietako bat, eta aurreratu zuen "ertz horiek guztiak kolpatzen" saiatuko dela. Izan ere, iritzi dio "gazte langileon ezegonkortasun-egoera" ez dela "politikari profesionalen eta beren instituzioen bitartez hobetuko": "Kontrara, horietatik kanpo eta modu autogestionatuan antolatu behar gara".

EZ DAGO IRUZKINIK