Astelehen honetan, abenduaren 23an, eraso faxista bat jasan zuten Irungo (Gipuzkoa) Moskuko Gaztetxean. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) aurkezpen bat antolatu zuen bertan arratsalde horretarako, urtarrilaren 25ean gerraren eta faxismoaren aurka egingo dituen manifestazioak azaltzeko, baina une horretan bertaratu eta hitzaldian zeudenei eraso zieten hiru nazik: indar handiko bi petardo bota zituzten Gaztetxe barrura, eta pintaketa faxista bat egin zuten atean.
"Eraso faxista larri bat izan zen atzokoa, beldurra eragitea helburu duen mehatxu zuzena", salatu du Moskuko Gaztetxea ireki eta martxan jarri duen Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak. Gogorarazi du, gainera, ez dela izan eskualdean azken asteetan gertatutako eraso faxista bakarra: aurreko astean Lakaxita Gaztetxean margoketa faxistak egin zituzten, mural nazi bat margotu zuten azaroan Hondarribiko (Gipuzkoa) portuan, kristal zatiekin jarritako kartel eta pegatina faxistak ikusten dira kalean etengabe, eta abar.
"Faxistak antolatuta daude eskualdean guri aurka egiteko", ohartarazi du asanbladak: "Gero eta ohikoagoak ari dira bihurtzen horrelako eraso faxistak, eta are ohikoagoak halakoak normalizatzen dituzten diskurtsoak". Horri lotuta, faxismoaren aurka antolatzera deitu du.