Hainbat datu argitaratu ditu Mendekotasunaren Espainiako Behatokiak, haien mendekotasun egoera zela-eta, iaz arreta eskatu zutenen eta arreta hori jaso zutenen kopuruak alderatzeko. Datuen arabera, Hego Euskal Herrian, mendekotasuna zuten 2.386 lagun hil ziren iaz arretarik jaso gabe. 2.235 izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildakoak, eta 151 Nafarroan; mendekotasun eskaerak eginak zituzten, baina ez zituzten artatu.
Gainera, 2021ean, behera egin zuen artatuak izan ziren lagunen kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, 2020an 65.757 pertsonak jaso zuten arreta haien mendekotasuna zela-eta; 2021ean, berriz, 65.741 izan dira. Nafarroan, ordea, aurreko urtean baino 503 pertsona gehiago artatu zituzten iaz.
Hala ere, Nafarroan itxarote zerrendak handitu direla dio Mendekotasunaren Espainiako Behatokiak. Mendekotasun eskaerak eginak dituzten eta arretaren zain dauden 218 pertsona gehiago identifikatu ditu; 1.019 dira guztira. Artatuak izateko erritmoa geldoa da, gainera: gaur egungo abiadurak berdin jarraituz gero, sei urte baino gehiago beharko lirateke itxaron zerrenda txikitzeko.