AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/27 17:40

Ostegun gauerdian, hautsak harrotu dituzten mezu batzuk argitaratu ditu Astrabuduako (Erandio, Bizkaia) Sonora diskotekak Instagrameko bere profilean. Izan ere, ulertzera eman du pertsona migranteak aretotik kanporatzeko neurri batzuk hartu dituela, mespretxuzko adiera arrazistak erabiliz: "Eta albiste izugarri bat dugu: behin betiko amaitu dugu 'Lagun, zigarro bat' dioten horiekin".

Kriminalizazio-mezuaz gain, Sonorak harro zioen "Ertzaintzari eta Udaltzaingoari" esker botako dituela seinalatutako pertsona horiek, baita "garbitzaile-patruila" ("cleaner") bat sortu duela ere. Hori gutxi balitz, diskotekara bertaratzen diren bezeroen artean pertsona migratzaileak kontrolatzeko eta jazartzeko jarrera bultzatzen saiatu da, "haiek ikusiz gero", telefono zenbaki baten bidez harremanetan jartzera deituz.

Mezuen aurka izan den erantzuna dela-eta, bere burua defendatzen saiatu da diskotekako zuzendaritza: esan du ez duela "arrazistatik ezer" eta iradoki du "lapur talde antolatu bat" desegin duela, eta horri egin nahi ziola erreferentzia aipatutako argitalpenetan. Dena den, ez du asko iraun argudiaketa horrek, handik gutxira ezabatu baititu aurrez argitaratutako mezuak.

Sonoran harreman publikoetako langile gisa aritu den pertsona batek, gainera, jakinarazi du kaleratu egin dutela gaur bertan. Horren arrazoia izan da diskotekari adierazi izana arrazistak zirela Instagramen plazaratutako mezuak. "Gustatzen ez bazaizu, joan zaitezke", esan diote kexatu denean.

EZ DAGO IRUZKINIK