AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Libre Mercado
2024/02/28 08:43

Gaur egun, argindarrari ezartzen zaion Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) %10ekoa da. Hilabete hau amaitzen denerako, baina, badirudi ia 42 eurokoa izango dela megawatt/orduko prezioa Espainiako Estatuan. Beraz, Espainiako Gobernuak zehaztutako prezio-mugatik behera kokatuta, berriz igoko dute argindarrari jarritako BEZa, %21ekoa izan dadin.

Urtarrilean, batez beste, 74 euroan zegoen orduko megawatta. Duela urtebete (2023ko otsailean), berriz, ia 133 euroan. 2021eko otsailetik erregistratu den preziorik baxuena izango da hilabete honetakoa, eta hori nahikoa arrazoitzat dauka gobernuak BEZa berriz igotzeko. 2021eko otsailean, 28,5 euro balio zuen orduko megawattak, eta, geroztik, etenik gabe egin zuten gora prezioek hilabetez hilabete. 2022ko martxoan gainditu zuen langa historikoa argindarraren prezioak, megawatt/orduko kostua 209,4 euroan kokatuta.

2021ean, ustez inflazioa arintzeko neurrien barruan, argindarrari ezarritako zerga jaitsi zuen Espainiako Gobernuak: %21etik %10era beheratu zuen. Prezioek oso garestiak izaten jarraitu zuten, baina, eta BEZa %10etik %5era jaitsi zuten orduan. Joan den urtarrilean, berriz igo zuen zerga, %10era. Dena den, beherapen hori mantentzeko baldintza bat finkatu zuen: orduko megawatta, batez beste, 45 eurotik gorakoa izatea. Hilabete honetan gehienezko prezio horretatik behera kokatuko da kostua (42 euro inguru), eta horregatik probestuko du gobernuak BEZa berriz igotzeko.

Kontrara, inolako mugarik ez duena energia-enpresek metatutako etekina da. Iberdrolak, esaterako, berriz hautsi ditu marka historikoak 2023an: 4.803 milioi euro irabazi ditu, 2022an baino %10,7 gehiago eta inoiz baino gehiago.

EZ DAGO IRUZKINIK