AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Hoy Aragón
2024/04/12 11:30

Joan den martxoan, Espainiako Gobernuak berriz igo zuen argindarrari ezarritako Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ). 2021ean, ustez inflazioa arintzeko neurrien barruan, argindarrari jarritako zerga jaitsi zuen: %21etik %10era beheratu zuen lehenengo, eta %5era gero. Urtarrilean %10era igo zuen berriz zerga, eta, otsail honen amaieran, iragarri zuten ia 42 eurora jaitsiko zela megawatt/orduko prezioa; alegia, gobernuak zehaztutako prezio-mugatik behera. Aurreratu zuten, beraz, gobernuak berriz igoko zuela argindarraren BEZa, %21era itzularazita.

Agintariek berriz ere argindarra garestitu izanak, noski, eragin zuzena izan du inflazioaren neurketan. Oraintsu berretsi ditu aurreko martxoko datuak Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gaztelerazko sigletan), eta %3,2 egin du gora urte arteko inflazioak (%2,8koa izan zen otsailean, 2023ko abuztutik erregistratutako ehunekorik baxuena). 2024ko martxoan, hain justu, 2023koan baino %7 garestiagoa izan da argindarra.

Badirudi, dena den, erregaiak garestitzen jarraitzeak ere izan duela eragina inflazioaren igoera horretan. Duela urtebete baino %2,8 garestiagoa da diesela, eta %3,7 garestiagoa gasolina. Iazko abendutik, hilabetero igo dira erregaien prezioak: gaur-gaurkoz, 90 dolarretik gorakoa da Brent upela, eta udaren hasieran 100 dolarrera iritsiko dela uste dute.

Langileriari elikagaiak garestitzen ere segitzen dute. Iragan martxoan, 2023ko martxoko prezioekin alderatuta, %4,6 garestiagoak ziren elikagaiak. Iazko martxoan, 2022koan baino %15,6 altuagoak ziren prezioak. Irakurketa optimista batzuek nabarmendu duten arren janariaren garestitzea zertxobait apaldu dela eta produktu batzuen prezioek behera egin dutela, argia da modu jarraituan ezarritako garestitzea, eta hainbat produkturen prezioak igotzen jarraitzen dute merkatuan.

Otsail honetatik martxora, adibidez, %7,8 egin du gora olioaren kostuak. Urtebeteko ikuspegiarekin erreparatuz gero, azken urtean, %56,3 garestitu da olioa. Arrautzen (+%1,1), zerealen (+%0,5) eta ogiaren (+%0,3) prezioak ere igo dituzte.

Azpiko inflazioak (prezioei dagokienez aldakorrenak diren elementuak, hala nola elikagaiak eta energia-produktuak, kanpoan uzten dituen neurgailua), dena den, goranzko joera bat erakusten segitzen du. Igoera zertxobait txikiagoa bada ere, azpiko inflazioak %3,3 egin du gora martxoan.

EZ DAGO IRUZKINIK