AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Araluceko langileen manifestazioa
2020/06/03 17:04

Datozen egunetan, Igorreko (Bizkaia) Araluceko beharginek berriz jarriko dituzte martxan salbuespen egoeraren ondorioz bertan behera utzi behar izan zituzten mobilizazioak. Azaroan kaleratu zituzten, eta langileen batzordeak salatu duenez, ez dute urtarriletik ezer kobratu. Batz taldearen mende dago Araluce, eta taldearen beste instalazio batzuetara aldatu dute lehen Igorreko fabrikari zegokion lan-karga.


Babes juridikoa


Apirilaren 14an, merkataritza arloko Bilboko (Bizkaia) epaitegi baten eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailaren ebazpena jakinarazi zieten Araluceko langileei. Sententziak ontzat eman zuen lantokia ixtea eta 141 beharginak kaleratzea.


Bilboko epaitegiak, behin enplegua arautzeko dosierra ikuskatuta, Lakuako Lan Agintaritzari bi orrialdeko txosten bat igorri zion, kanporatze prozesuari baiezkoa emanez. Lan Agintaritzak ere babestu zuen Araluceren eta Batz kooperatibaren erabakia, prozesuan ez baita beste aldaketarik izan gaurko egunera arte.


Talde industriala erantzule


Batz taldeak erabaki guztiak "kooperatibaren interesen arabera" hartu dituela salatu du behin baino gehiagotan Araluceko langileriak. Argi eta garbi adierazi dute Batzek eta Aralucek "lan-talde bat" osatzen dutela, eta zentzu berean hartu dituztela "erabaki ekonomiko, industrial eta estrategiko guztiak". Araluce ixteko erabakia "eurek inposatua" izan dela ondorioztatu dute beharginek, eta "141 familiaren sufrimendua" eragitea leporatu diete. Ondorioz, Mondragonen ustezko elkarlan printzipioak "fartsa bat" direla diote.