AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/23 10:34

Arabako Ostalaritzako Hitzarmen Berriak langileen eskubideak eta soldatak are gehiago murriztuko ditu, Gasteizko (Araba) Ostalaritzako Langile Asanbladak (OLA) salatu duenez. Urtarrilaren 22an, atzo, ituna sinatu zuten sektoreko sindikatuek eta patronalak, baina "oso balorazio negatiboa" egin du OLAk: "Langileok ez dugu inolako hobekuntzarik izango gure lan-baldintzetan". Are gehiago: hitzarmena indarrean sartzen denean gutxienez "bi kalte" izango dituztela ohartarazi du.

Batetik, baja hartzeko eskubidea murriztuko diete langileei: "Gaixotasun arruntagatiko bajaren lehen hiru egunetarako enpresaren prestazioak ezabatzea hitzartu da. Gaur egun, langileok soldataren %100 jasotzen dugu baja horren lehen hiru egunetan, eta hitzarmen berriarekin ez dugu ezer jasoko. Ez zaigu inolako ordainik ematen galera horrengatik, eta horrek gure bizi-kalitatea okertzen du". Neurri hori justifikatzeko enpresariek erabilitako argudiaketa kritikatu du OLAk, gainera: "Patronalak argudiatu du murrizketak absentismo-arazo bati erantzuten diola, langileak arbitrarioki kriminalizatuz, murrizketa justifikatzeko".

Eta, bigarrenik, hitzarmenak "soldata-igoera engainagarriak" ezartzen ditu, langile-asanbladaren esanetan. Hala jakinarazi du: "Soldatek galdu duten balioa berreskuratzen ez duen soldata-igoera hitzartu da. 2021ean izoztu ziren, eta ordutik KPIa %23koa da. Igoera %17koa izango da, gutxi gorabehera. Ez da berreskuratzen langileok galdu dugun erosteko ahalmena, eta horrek soldata murriztea dakar".

Sindikatuen ustezko "marra gorriak"

OLAk gogorarazi duenez, aurrez izandako negoziazioetan, 2024an hain justu, "marra gorri" batzuk markatu zituzten ELA, CCOO eta UGTk: "soldata-igoera KPIarekin parekatzeko eta bajak ez murrizteko" exijitu zuten, besteak beste. Exijentzia horien alde, greba egitera deitu zuten sindikatu horiek, eta plantora jo zuten negoziazioan, akordioa beste urtebetez atzeratuz. Orain, baina, ustezko "marra gorri" horiek baztertu dituzte, "isilpeko negoziazio" baten bidez eta "sektoreko langileei eta afiliatuei bizkarra" emanez. 

Ostalaritza Langile Asanbladak aldarrikatu du, hala, langileen ongizateak enpresarien irabaziek baino gehiago balio duela, eta "langileen antolaketa eta elkartasuna direla eraso horietatik defendatzeko bide bakarra". Dei egin die sektoreko beharginei antolakuntzara batzera.

EZ DAGO IRUZKINIK