AKTUALITATEA / Olatu erreakzionarioa

Antxustegi eta Insausti, EAJren erradikalizazio erreakzionarioaren gidariak

Pradales "muturren" aurka mintzo den bitartean, diskurtso arrazista gogortzen ari da EAJren belaunaldi gaztean: Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu Donostiako Udalak, Jon Insausti alkate dela, eta "migrazio-politika ordenatu" bat aldarrikatzen jarraitzen du Joseba Diez Antxustegik.
2026eko irailaren 9 - 05:31
Antxustegi eta Insausti, EAJren erradikalizazio erreakzionarioaren gidariak

"Ceutan gertatu dena ez da normala. Arratsalde batean hiri batera 70.000 pertsona sartzea eta ez egotea kudeaketarik, ez egotea mugen kontrolik, ez egotea antolaketarik, ez da normala. Beharrezkoa da migrazio-politika ordenatu, erregular eta seguru bat". Joseba Diez Antxustegik honakoa esan du berriki Radio Euskadin, Ceutako migrazio-krisiaren inguruan. 1992an jaioa, EAJko belaunaldi berrietako aurpegirik ezagunenetakoa bihurtu da Antxustegi, eta jeltzaleen bozeramailetza-lanetan ari da gaur egun, bai Eusko Legebiltzarrean bai komunikabideetan.

Ceutako egoerari buruz hitz egitean, gasteiztarrak funtsezkotzat jo du "erdiratutako alderdi moderatuek" esku hartzea, "arazoei aurrez aurre" helduz, "argi hitz eginez" eta arazo horiek "zorroztasunez kudeatuz", immigrazioaren auziari erreferentzia eginez zuzenean. "Moderaziorako" ustezko dei horrek, ordea, talka egiten du Antxustegik berak gai horren inguruan aurrez esandakoekin. Izan ere, azken elkarrizketa horretan "giza-eskubideez" hitz egiteko begirunea izan duen arren, "migrazio selektibo" hitza erabili izan du jeltzaleak aurreko urtean bertan, eta pertsona migranteak "Euskadira lanera etorri" behar direla defendatu izan du. 

Donostia, muturreko politiken probaleku gisa

Imanol Pradales lehendakariak "muturren" kontra hitz egin du aste honetan bertan Ser katean, baina bitartean, EAJren erradikalizazioa nabaria da migrazioaren auziari dagokionez, eta jeltzaleen ordezkari gazteenek argi erakusten dute joera hori. Antxustegirekin batera, Donostiako alkate Jon Insausti ere izan daiteke beste adibide bat: PPren eta Lo que no te cuentan de Donosti-ren eskaerekin bat eginez, Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu berriki EAJren udal-gobernuak, eta ekimen solidario hori "delinkuentziarekin" lotzeko hitz-hartze arrazistak egin ditu alkateak berak. Afari solidarioak debekatu eta berehala, ia denborarik utzi ere egin gabe, Insaustik baieztatu zuen "delinkuentzia tasak %20 behera egin" zuela Donostian.

Donostiako Udaltzaingoak, udalaren mende egonda, kale-egoeran dauden pertsonen aurkako jazarpena areagotu du uda honetan, eta inolako baliabiderik ez duen jendearekin elkartasunez aritzen diren herritarren kontra ere oldartu dira udaltzainak, eskuin muturraren jarrerarekin lerrokatuz: kalean jatekoa banatzen jarduten duten boluntarioak erreprimitu ditu Poliziak, KASek eta Donostiako Harrera Sareak salatu dutenez.