AKTUALITATEA / Itaia
Antiabortisten aurka, abortu-eskubidea aldarrikatu du Donostiako Itaiak
Abortatzeko klinika baten ondoan elkarretaratzeak egiteari ekin diote berriz antiabortistek, eta horri erantzunez, abortu-eskubidearen aldeko egitarau bat antolatu zuen atzorako Donostiako Itaiak.
2026eko otsailaren 19
Antiabortisten aurka, abortu-eskubidea aldarrikatu du Donostiako Itaiak

"Doako eta kalitatezko abortu-eskubide unibertsala" aldarrikatu zuen atzo Donostiako (Gipuzkoa) Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Garizuma hastearekin batera, mugimendu antiabortistak elkarretaratzeak egiteari ekin dio berriz Amara auzoan, abortatzeko klinika baten alboan. Horren kontra, eta abortuaren kriminalizazioari aurre egitera deituz, arratsalde osoko egitarau bat egin zuen atzo Itaiak, Easo Plazan.

Informazio-gune bat muntatu zuten 16:00etan Itaiako kideek, eta abortuaren aldeko borrokari lotutako hainbat testigantza ipini zituzten plazan. 17:30ean abortuari buruzko hitzaldi bat eskaini zuten, eta horren ondoren, abortatzeko eskubidearen aldeko kontzentrazio bat izan zen kioskoan. "Talde ultrakatolikoen erasoak" salatu zituzten, Amaran 40 egunez luzatuko diren elkarretaratzeetan, haurdunaldia etetera doazen emakumeei eta klinikako langileei jazarriko dietelako.

Gasteizen (Araba), epaile batek berriki absolbitu ditu 21 manifestari antiabortista, Arabako klinika batean emakumeei eta beharginei jazartzen jardun zuten arren. Azken urteetan, eskuin muturreko hainbat talde egon dira abortuaren kontrako mobilizazioen atzean Donostian: Rezar no es delito, Enraizados, Hazte oir zein Vox identifikatu ahal izan ditu, esaterako, Irutxuloko Hitza komunikabideak.