Animazio-harmailetan dauden pertsonak kontrolatzeko detektagailuak abian dira hainbat futbol-zelaitan; adibidez, Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril, Betis edo Valentzia taldeen zelaietan. Orain, baliteke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zelaietan ere "kontrol biometrikoak" egiteko eta hatz-markak hartzeko sistemak ezartzea; izan ere, horixe bera eskatuko die Ertzaintzak Lehenengo eta Bigarren Mailako futbol klubei.
Ligak 2015-2016 denboraldian animazio-harmailei zegokienez ezarritako "segurtasun-araudia" ez da betetzen zelai horietan, eta horregatik agindu die Ertzaintzak kontrolerako neurriak har ditzatela. Nagusiki, harmailetarako sarbideak kontrolatuko lirateke, zaletuei hatz-markak hartuta eta horiek erregistratuta.
Bere garaian, hainbat arrazoi eman zituzten sarbide horiek hain zorrotz kontrolatzeko; ustez, klubetako bazkideek haien bazkide-abonuak inori ez uztea, harmailetara sartzea debekatuta daukaten pertsonak ez sartzea edota harmailetan jende gehiegi ez pilatzea lortu nahi zuten. Ligak bestalde esan zuenez, Deportivo de la Coruña taldeko zale baten hilketa zela-eta hartu zituen kontrol neurri berriak. Atletico Madril taldeko zaletu batzuek 2014an hil zuten Francisco Javier Romero Jimmy, nahiz eta, ustez, ez duten hiltzailerik identifikatu edota zigortu.