Hurrengo astelehenean hasiko da Euzko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) botere-organo nagusia, Euzkadi Buru Batzarra (EBB), berritzeko hauteskundeen bigarren itzulia. Espainiako Diputatuen Kongresuko eledun Aitor Estebanen hautagaitzak indarra hartu du EBBko presidente berria izateko, eta lehia bizi horretan, badirudi orain arte jaun eta jabe izandako Andoni Ortuzarrek bere burua baztertuko duela: gaur jakinarazi du uko egingo diola EBBko presidente izaten segitzeari, eta ez duela parte hartuko barne-mailako bozen bigarren itzulian.
Orain arteko prozesuan 110 batzokik babestu dute Ortuzarren hautagaitza, baina bigarren itzulira ez igarotzea erabaki du, sare sozialen bidez zabaldutako gutun batean azaldu duenez. Batasuna da indarra leloa nabarmendu du idatzian, eta horrek badu zerikusirik bere erabakia justifikatzeko erabili dituen argudioekin: "Bi hautagaitza aurrez aurre egonda Alderdiaren barruan zatiketa izateko arriskua handia litzateke. Arduragabekeria litzateke". Esan du "beste hautagaitza bat sortu" dela EBB zuzentzeko "anbizio nahikoarekin", eta alderdi jeltzalea "berritu" dadin ahalbidetu nahi duela berak: "Emaitzak ikusita, uste dut berriro aztertu behar dudala nire jarrera eta nire barru-barruko lehen uste sendora itzuli, hau da, berritzeari tokia uztea". Eta gaineratu du: "Elkartzeko unea da, eta hori da nik orain sustatu behar dudana".
Orain arte EBBko presidente izandakoak, dena den, azpimarratu nahi izan du bera izan dela lehen itzulian babesik handiena jaso duena; nolabait, gutxiengo bati egotzi nahiz aitortu dio hautagaitza alternatibo batzuk mahai gainean egotea. "Afiliazioari eskerrak eman behar dizkiot, lehen itzulian babes gehien jaso duen hautagaia izan naizelako, gainerako proposamenen batura adina babes lortuz", ekarri du gogora. Baina, bestalde, onartu du "argi geratu" dela "gure militantziaren zati txikiago baina esanguratsu batek aldaketa sustatzen duela".
Krisia EAJren barruan
Barne-hauteskundeen lehen itzulia bukatzean eta Aitor Estebanen edo Markel Olanoren izenek indarra hartzean, harridura erakutsi zuen Ortuzarrek: "Ez nuen hau espero". Ikusi denean Estebanek kanpaina egiteko talde bat osatu duela eta, beraz, EBBko presidentetza lortzeko erronkari determinazioz helduko diola, pauso bat atzera egin du Ortuzarrek. EAJ bizitzen ari den krisia agerian geratu da berriz, barne-mailako lidergo garbi baten faltak eta azken hauteskundeetan izandako beherakadak erakutsi duten bezala.