Gaur, hilak 12, Ikasle Abertzaleakek ohar bat argitaratu du Aberri Egunaren harira. “Euskal Herriko langileriak pairatzen duen zapalkuntza nazionala” mahaigaineratu du, eta horrekin batera, “berau gainditzeko beharrezkotasuna”. Izan ere, Euskal Herria nazio gisa eratzeko abagune guztiak “ezeztatuak dira Espainiako eta Frantziako Estatu burgesengatik”. Ondorioz, “Euskal Herria nazio gisa ez da errealizatua izan”, gure herriko instituzio oro “estatu burgesen parte” direlako eta beraz, “nazio-estatu moduan ez baita egikaritu”.
Euskal Herriaren borondate nazional historikoa “sistematikoki ukatua” izan dela adierazi du IAk. Funtsean ukatzen dena “euskal langileriaren proiektu nazionala” dela azaldu du ordea, hots, Euskal Estatu Sozialista. Euskal langileriaren proiektu politikoa “ukatua izateaz gain zapaldua ere badela” ulertzen du beraz. Burgesiak elementu nazionalak aldarrikatu arren, “irabazi dinamiken baitan kokatzen ditu” IAren ustez. Horregatik, hizkuntza eta kulturaren bizirautea bermatzeko horiek “irabazi dinamiken logikatik at”erabiltzeko beharra azpimarratu du, hau da, “proletalgoaren egitasmoaren baitan”.
NAZIO ZAPALKUNTZA
HEZKUNTZAN
Euskal langileriaren borondate
nazional-politikoaren ukazioak hezkuntza alorrean “berebiziko
garrantzia” hartzen du IAren esanetan, Espainiako eta Frantziako
Estatuen instituzioek egikaritzen duten dominazioak “ondorio latzak
baititu”. Lehenik eta behin, instituzio “arrotz” horien
konfigurazio administratibo territorialak Euskal Herria “zatitu
egiten du”, bere nazio izaera ukatzen diolarik. Bigarrenik,
hezkuntza eredu kapitalistak eta bere antolakuntza territorialak, oro
har, “euskal kulturaren gutxiespen eta baztertzea gauzatzen dute”.
Horren aurrean, euskara lehenestea “hautu politikoa da” IAko
kideentzat, “burgesiak hizkuntzari ematen dion balio utilitarista
eta merkantilistaren aurrean, euskararen balio historiko eta
kulturalaren defentsa egiteko”. Zentzu horretan, “Euskal Herria
euskalduntzeko konpromisoa” eureganatzen dute.
EUSKAL ESKOLA NAZIONALA
Euskal Estatu Sozialistaren
eraikuntza jotzen du IAk euskal langileriak jasaten duen zapalkuntza
nazionala gainditzeko segurantza bakartzat. Helburu hori erdiesteko
beharrezkoak diren “instituzio proletarioak hauspotzea” dagokiola
dio ikasle antolakundeak, eta auskararen zabalpena “instituzio
horien eraikuntzara hertsiki lotua” joango dela. Instituzio horien
artean, Euskal Eskola Nazionala nabarmendu du. Horren oinarriak
eraikitzen joatea da IAren helburua, “Hezkuntza Sozialistaren”
egitasmoaren baitan. Ikasleen mesedetara egonen den “hezkuntza
prozesu eta hezkuntza instituzio proletarioa eraikitzea” dagokiela
diote, hau da, “Euskal Estatu Sozialistaren pean kokatzen den
hezkuntza eredua”. Esplotazioaren eta zapalkuntzaren aurkako
borrokan, Prozesu Sozialistan lerrokatu dira beste behin.