Estropadak izan dira gaur Donostian (Gipuzkoa), eta horren harira, amnistiaren aldeko aldarria kaleratu dute beste behin ehunka pertsonak. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako mugimenduak egin du deialdia, eta 13:00etan irten da manifestazioa bulebarretik.
Ibilbidea amaitzean, lehenik eta behin, berriki erail duten Igor Gonzalez preso politikoa izan dute gogoan mobilizazioan bildu direnek. "Estatuak militanteak erailtzea xede duen plan oso argia duela" mahaigaineratu dute, eta adierazi dute, "hainbestek bolo-bolo ibili duen delako hurbilketak ez duela deus konpontzen": "Harresiak berdin-berdin hiltzen du Puerton, Badajozen, Alicanten edo Martutenen". "Guk, gudariak baldintzarik gabe Euskal Herrian aske eta beren eskubide guztien jabe egon behar dutela ozen aldarrikatzen dugu", gaineratu dute.
Hala, aurten Patxi Ruiz preso politikoak egindako borrokaldia oroitu dute gaurkoan, baita horren harira kalean nahiz kartzeletan piztutako "elkartasun uholdea" ere. Bestalde, Iñaki Bilbao Txikito preso politikoak aste honetan iragarritako gose eta komunikazio greba mugagabearen harira, "elkartasunez herri ezberdinetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera" dei egin dute AAEAMeko kideek.
"Espetxean hainbeste urte egin ondoren, lehen egunean bezelako zintzotasun
eta eskuzabaltasun eredugarriz, argi erakusten du Euskal herriaren
independentzia eta sozialismoaren aldeko konpromezua", nabarmendu dute Bilbaok hasitako borrokaldiari dagokionez. Gaur, irailak 13, laugarren eguna du gose eta komunikazio greban.