Joan den abenduaren 25ean gose grebari ekin zion Iñaki Bilbao Txikito preso politikoak. Kartzelan aurten jasandako tratu txar jarraituak salatzeko jo du baraualdira, bai eta Euskal Herria "independentea, sozialista, bateratua, euskalduna, antikapitalista, antiinperialista eta antimatxista" aldarrikatzeko ere.
Argentinako Euskal Herriaren Lagunak (EHL) antolakundeak jakinarazi duenez, berriki tokialdatu dute Bilbao Topasko (Gaztela-Leon) espetxetik Zaballara (Araba). Horren aurretik, baina, hainbat egunez beste espetxe batzuetan "paseatu" zutela salatu du. Presoei "psikologikoki presioa egiteko" ohiko mekanismotzat jo du hori EHL-k. Azkenean Zaballara iristean, berrogeialdian sartu zuten Txikito, nahiz eta dagoeneko ez den COVID-19ari lotutako protokoloa ezartzen.
Bestalde, EHL-k azaldu du gaixotasun bat daukala Bilbaok eta espetxe autoritateek ez diotela modu egokian artatua izaten uzten. Aurten, esaterako, hiru aldiz eraman dute Valladolideko (Gaztela-Leon) ospitale batera, mediku-proba bat egiteko. Izan ere, urgentziaz behar du mediku-tratamendua presoak. Espainiako Poliziak, baina, ospitalean ere eskuak bizkarrera lotzera behartu nahi izan du aldi guztietan, eta guztietan egin dio "umiliazio saiakera" horri uko Bilbaok. Beraz, oraindik ezin izan diote mediku-proba egin.
Lezamarrak 38 urte inguru daramatza preso, eta hainbatetan egin du gose greba. Iazko abuztuan, esaterako, gose eta komunikazio greba bat egin zuen, "euskal langileriarentzat eta Euskal Herriarentzat independentzia eta sozialismoa" aldarrikatzeko. Gose grebara jo zuen 2020ko irailean ere, eta 50 egunez eutsi ondoren eten bat egin eta gero, urte horretako azaroan berrekin zion barauari.