Duela hamazazpi egunetik dago gose greban Iñaki Bilbao Txikito preso politiko lezamarra. Topasko (Gaztela-Leon) espetxetik Zaballara (Araba) lekualdatu dute berriki, eta Zaballan hasi zuen baraualdia joan den abenduaren 25ean.
Modu horretan salatu nahi izan ditu kartzelan jasandako azken tratu txarrak; besteak beste, gaixotasun bat daukala eta autoritateek ez diotela modu egokian artatua izaten uzten jakinarazi du. Bestalde, zenbait aldarri politiko egin ditu baraualdiaren bidez: Euskal Herria "independentea, sozialista, bateratua, euskalduna, antikapitalista, antiinperialista eta antimatxista" aldarrikatu du. 38 urte daramatza gatibu.