Bartzelonako 7. epaitegiaren gain zegoen Espainiako Poliziako 46 agenteren kontrako instrukzioa, 2017ko urriaren 1eko erreferendumari lotuta. Egun horretan eman zituzten jipoien eta egindako erasoen harira, tratu txarrak ematea eta "osotasun moralaren kontrako delituak" egitea leporatzen zieten.
Epaitegi horretako titularrak, baina, polizia horiei amnistia ezartzea erabaki du. Amnistia Legea euskarritzat hartuta, ebatzi du auzipetutako agenteei egozten zaizkien delituak barne har ditzakeela neurri berriak. Epaileak dio Poliziak urriaren 1ean egindako erasoak "iraupen indibidual txikikoak" izan zirela eta "zehaztutako helburu polizial baten barruan" zeudela, eta ez zutela jarraipenik izan ustezko helburu hori lortzean. Hortaz, guztiak absolbitzearen alde egin du.
Garaian jopuntuan jarri zituzten 46 polizia horiek ez dira, inola ere, urriaren 1eko erreferendumean bortizki jardun zuten bakarrak. Gutxienez beste hemeretzi agente seinalatu zituzten polizia-kargengatik, baina gerora ez zituzten auzipetu.
2017ko erreferendumean bozkatzera joan ziren pertsonen kontra modu bortitzean oldartu zen Polizia. Gutxienez 1.000 lagun artatu behar izan zituzten osasun-langileek, kargen ondorioz.